Hizkuntza eskubideak jomugan

Barakaldon elkarretaratze bat egingo dute hizkuntza eskubideen alde

Sasiburu elkarteak egin du deialdia, ostiralerako, EAEko Auzitegi Nagusiak zerbitzu publikoen azpikontraten inguruan emandako ebazpena dela eta

Barakaldoko udaletxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko urtarrilaren 11
16:49
Entzun

Asaldaturik daude Barakaldoko euskaldunak, EAEko Auzitegi Nagusiak zerbitzu publikoen azpikontraten inguruan emandako ebazpena dela eta. Atzo batzar ireki batera deitu zuen Sasiburu euskara elkarteak Herriko Plazan, nola erantzun eztabaidatzeko. 50 lagun inguru batu ziren: horietako zenbait herriko elkarte eta erakundeetako ordezkariak ziren, eta beste batzuk, herritar soilak. Batzar horrek izango du lehenengo ondorioa: ostiral honetan, hilak 13, elkarretaratzea egingo dute Bide Onera plazan, 19:00etan, Barakaldarron hizkuntza eskubideen alde. Justizia denontzat lelopean.

Elkartearen iritziz, Auzitegi Nagusiaren ebazpenak Barakaldon bizi diren 26.000 euskaldunen eskubideak urratzen ditu: «Barakaldoko euskaldunok uko egiten diogu halako injustizia bat normalizatzeari, eta horregatik egingo dugu elkarretaratzea». Aldarrikapena «inflexio puntua» izatea nahi dute Sasiburuko kideek, «herriko zerbitzu publikoek euskaldunon eskubideak lehenbailehen bermatu behar dituztela argi uzteko».

Sasiburuk iragarri du elkarretaratzearen ostean bestelako urratsak egin nahi dituztela: hizkuntza eskubideak defendatzeko kanpaina bat antolatzea, urratzeen aurrean salaketak jartzeko informazioa herritarrei helaraztea eta abar: «Denon artean, Barakaldon legea betetzea lortuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.