GIZA ESKUBIDEAK

Gobernu «autoritarioak» giza eskubideen «mehatxutzat» jo ditu HRWek

Urteko balantzea egin du nazioarteko GKEak, Londresen. Herrialde askoren «zinismoa» salatu du, eta esan du estatuek «bi aurpegi» dituztela giza eskubideen babesari dagokionez.

jarraia223042.jpg
Mikel O. Iribar.
2023ko urtarrilaren 12a
12:11
Entzun

Giza eskubideak babesteko orduan, gobernu «autoritarioen» kontrolik gabeko boterea —«Errusia eta Txinarena», kasurako—, Afganistango eta Irango «errepresioa» eta Etiopiako «ankerkeriak» «mehatxuak» direla ondorioztatu du HRW Human Rights Watchek, gaur kaleratu duen urteko txostenaren arabera. Nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek zazpiehun orrialdetik gorako dokumentuan jaso ditu munduko ehun herrialde eta lurralde baino gehiagotan 2022an jazotako «botere abusuen» eta giza eskubideen urraketen xehetasunak.

Londresen egindako aurkezpenean, HRWeko bitarteko zuzendari Tirana Hassanek nabarmendu duenez, txostenak nazioartean itzalean dauden herrialde askoren «zinismoa» islatzen du, eta salatu du herrialdeek «bi aurpegi» dituztela giza eskubideen babesari dagokionez. HRWek adibide hauekin arrazoitu du: AEB Ameriketako Estatu Batuek Saudi Arabiarekin negoziatzen ari dira, nahiz eta Joe Biden presidenteak, Etxe Zuriko maizterra izateko hautagaia zenean, Riadi boikota egiteko deia egin zuen; Pakistanek babestu egiten ditu Txinak kontrolatutako Kaxmir lurraldeko musulmanen aurkako erasoei buruzko ikerketak, baina bizkarra ematen die Txinako uigurren aurkako ustezko krimenei; herrialde askok harremanak sendotu dituzte Indiarekin, nahiz eta New Delhik herritarren aurkako «errepresioa» egiten duen, «Pekinen gisan».

Horrekin guztiarekin lotuta, Hassanen esanetan, «Afganistango eta Siriako errefuxiatuak daude, besteak beste, xextra bikoitz hori benetan jasan dutenen artean. Horietako asko behartuta daude «etxean egotera, lan egiteko eskubiderik gabe edota bisa baliogabetuko zaien edo ez jakin gabe. «Babestuta sentitzen ez diren leku batera joan beharko dute», HRWen arabera. Halaber, erakunde humanitarioko arduradunak adierazi du Europak ez diela erantzun bera eman errefuxiatu ukrainarrei eta beste herrialdeko etorkinei: «Alde handia dago».

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik ia 11 hilabete igaro diren honetan, HRWen txostenak zenbait gertakari jasotzen ditu; besteak beste, «Butxako sarraskia, Mariupolen errefuxiatuz betetako antzoki baten aurka egindako bonbardaketa eta Errusiako armadak zibilen kontra egindako erasoak».

«Ankerkeria» horiek salatzeaz gaiz, HRWek dio nazioarteak hainbat neurri ezarri behar zituela Errusiak Ukrainari eraso egin ez ziezaion; besteak beste, 2014an, Ukrainako ekialdeko Donbassko gatazkaren hasieran; 2015ean, Errusiak Sirian esku hartu zuenean, bai eta Kremlinek bere herrialdean bertan giza eskubideak «urratu» zituenean ere. «[Errusiako presidente Vladimir] Putinek agindutako inbasioa ez da ezerezetik sortu. Ukrainako gerra duela zortzi urte hasi zen. Errusiako indarrek Siriako gerran egindako urraketa berak egin dituzte Ukrainan ere, eta horiek ere jaso ditugu», zehaztu du Hassanek.

Irailaren 16an Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua Irango Poliziaren zaintzapean hil ondoren, areagotu egin ziren protestak, eta horietan manifestariek jasandako «errepresio bortitza» ere jaso du GKEak. «Irandarrek protesta mugimendu bat hasi zuten, munduaren arreta bereganatzeko», nabarmendu du HRWeko ikertzaile Tara Sepehrik, Iranen egindako txostenaren aurkezpenean. «Batzuk agian harritu egin dira heriotza basati baten ondotik protestek izan duten gorakadagatik eta iraupenagatik. Manifestariek kaleak hartu zituzten, atxilottuak eta zigortuak izateko arriskuaren jakitun zeuden arren», esan du. Haren arabera, Aminiren heriotza «ez zen kasu bakan bat izan»: «Irango Poliziaren indarkeria sistematikoaren azken adibidea izan zen».

HRANA Giza Eskubideen Ekintzaileen Albiste Agentziak emandako azken datuen arabera, Poliziak 517 manifestari hil ditu istiluak piztu zirenetik; haietako 70 adingabekoak dira. Orotara, 19.000 lagun inguru atxilotu dituzte. Bestalde, Teheranek gutxienez lau manifestari exekutatu ditu dagoeneko, eta beste hiruri ere heriotza zigorra ezarri die; 11ri, berriz, bizi osorako kartzela zigorra.

Espainiaren migrazio politika

Migrazioari dagokionez, HRWek ezbaian jarri du Espainiak etorkinen itzulketan duen politika; hain zuzen, ekainaren 24an Espainiaren kontrolpeko lurraldean milaka lagun Melillako hesia (Espainia) igarotzen saiatu zirenekoa izan du hizpide txostenean. Marokoren arabera, 23 etorkin hil ziren, baina gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu zuten tragedia are latzagoa izan zela: baieztatu zuten 37 migratzaile hil zirela, eta 70 lagun desagertu zirela hesia igarotzeko ahaleginean. Eta zenbait hedabidek ondorioztatu zuten Marokoko Gobernuak eta Espainiakoak ere erantzukizuna izan zutela gertakari hartan.

«Kezkagarria da Espainiak nola kudeatu zuen gai hura, eta kezkatuta gaude etorkizunean gerta daitekeenaz ere», esan du Europako eta Asia erdialdeko HRWeko zuzendariak. Azaldu duenez, «garrantzitsua da Espainiak etorkinak Marokora modu desegokian ez itzularaztea. Asilo eskaerak zorrotz aztertu beharko lituzke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.