Lan istripuak

51 urteko behargin bat hil da Zestoan, lan istripu ez-traumatiko batean

Industrias Artzubia enpresan jazo zen ezbeharra, atzo. Aurten lanean ari zela hil den hirugarren langilea da.

Bi langileren heriotza salatzeko elkarretaratzea, Errenterian, iazko abuztuan. MONIKA DEL VALLE /  FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urtarrilaren 13a
13:11
Entzun

51 urteko industria behargin bat hil da lan istripu ez-traumatiko batean, Zestoako (Gipuzkoa) Industrias Artzubia enpresan, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Atzo gauean aurkitu zuten enpresako aldageletan, ondoezik. Segituan eraman zuten ospitalera artatu zezaten, eta handik gutxira hil zen.

Harekin, Euskal Herrian aurten jada hiru dira lanean ari zirela hil diren langileak, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera. Iaz, 69 izan ziren hildakoak; horietatik herenak, lan istripu ez-traumatikoek eragindakoak (arazo kardiobaskularrak barne).

«Heriotza ez-traumatikoak ugaritzen ari dira, eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu hauetan duten eragina», adierazi du sindikatuak. Hala, «neurri eraginkorrak» hartzea galdegin dute, «gero eta intzidentzia handiagoa duen arazo horri aurre egiteko».

Garraiolari bat, larri

LAB sindikatuak beste istripu baten berri ere eman du: Ibarrara (Gipuzkoa) bidean zihoan garraiolari bat topatu zuten atzo bere kamioian, «antza bihotzekoak jota». Erietxera eraman zuten, larri. «Ezinbestekoa da lan istripu ez-traumatikoen harira neurriak hartzea, bereziki sektore jakin batzuetan, non laneko baldintzak eragile argiak diren», gehitu du LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.