Txekia

Babis eta Pavel lehiatuko dira Txekiako bozetako bigarren itzulian

Txekiako presidentetzarako bozetan parte hartzea %68,2koa izan da. Pavelek NATOn ardurak izan ditu, eta Babis lehen ministro izan da.

Andrej Babis lehen ministro ohia, gaur, lehen itzuliaren emaitza jakitean Pragan egin zuen prentsaurrekoa. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 14a
20:46
Entzun

Presidentetzarako hauteskundeak egin dituzte Txekiako Errepublikan atzo eta gaur, eta hautagai batek ere gehiengo osoa eskuratu ez zuenez, bigarren itzulia egingo dute bi aste barru. Andrej Babis lehen ministro ohia eta Petr Pavel NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Batzorde Militarreko presidente izandakoa lehiatuko dira bigarren itzulian. Izan ere, bi hautagai horiek izan dira boto gehien eskuratu dituztenak. Pavelek botoen %35,25 eskuratu du, eta Babisek, berriz, %35,13. 8,4 milioi txekiarrek zuten bozkatzeko aukera, eta %68,2k hartu dute parte hauteskundeetan —duela bost urte parte hartzea %61ekoa izan zen—.

Bigarren itzuliaren garailea Txekiako estatuburua bihurtuko da bost urterako. Milos Zeman sozialdemokrata da egungo presidentea, baina ezin izan da bozetara berriro aurkeztu, bi agintaldi egin dituelako karguan.

Inkesta gehienen arabera, Pavel izan daiteke bigarren itzuliko garailea. Militar erretiratu bat da, eta Txekiako armadako burua izan zen, baita NATOko Batzorde Militarreko presidente ere. Kargu hori izan zuen Ekialdeko Europako lehen militarra izan zen. Ordena itzul diezaiogun Txekiari da bere kanpainaren leloa. Hautagai independentea den arren, Elkarrekin eskuineko aliantzaren babesa du —Elkarrekin alderdia da Txekiako Gobernuko kide nagusietako bat—.

Lehen ministro ohia, hautagai

Babis ANO alderdi populistaren —oposizioko handienaren— hautagaia da, eta lehen ministro izana da 2017. eta 2021. urteen artean.
EBko funtsekin ustez iruzurra egin izanagatik ikertzen aritu da auzitegi bat, baina aurreko asteartean absolbitu egin zuten. Hala ere, beste ikerketa batzuk zabalik ditu, iruzurra egotzita. Presidente bilakatuko balitz, legezko immunitatea eskuratuko luke lehen ministro ohiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.