OSASUNA 1-0 MALLORCA

Zaleen orroak esnatu du Osasuna

Talde gorritxoak etenaren osteko lehen garaipena lortu du ligan, Mallorcari Sadarren irabazita. Aimarrek egin du norgehiagoka erabaki duen gola

Aimar Oroz, garaipenaren gola ospatzen. IñIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 14a
21:33
Entzun

Sadarren beste bat da Osasuna. Bere bertsiorik onenetik urrun zebilen geldialditik bueltan, baina harmailen babesa sentitu, eta distira berreskuratu du gaur, Mallorcaren kontra. Irudia ona izan da, eta emaitza, aparta: hiru puntu mamitsu patrikaratu ditu, bigarren zatiaren hasieran Aimar Orozek egindako gol bati esker. Oreka izan da nagusi lehen 45 minutuetan, baina gorritxoek aurrerapauso nabarmena eman dute atsedenaren ostean. Gol bakarra sartu dute, baina gehiago izan zitezkeen. Baloiarekin eroso aritu dira, eta defentsan ez dute apenas sufritu. Hori horrela, seigarren garaipena lortu dute beren zaleen aurrean. Soilik etxeko emaitzak aintzat hartuz gero, bigarren leudeke sailkapenean.

Talentuz ondo hornitutako hamaikakoa zelairatu du Osasunak. San Mamesen sendotasuna lehenetsi zuen Jagoba Arrasatek, baina gaur jokalari tekniko eta erasokorren alde egin du apustu. Hala, batera jardun dute Aimar Orozek Moi Gomezek, Ez Abdek, Chimy Avilak eta Ante Budimirrek. Ezusteko nagusia, berriz, Aridanek hasieratik jokatzea izan da. Makal aritu zen Athleticen aurka, eta Unai Garcia jokatzeko moduan zegoen gaur; haatik, kanariarra titular izan da berriro. Halaber, Diego Morenok izan du eskuin hegaleko zuloa betetzeko ardura, azken jardunaldian bezalaxe.

Osasunak sormenaren eta joko biziaren bidez lortu nahi zuen garaipena. Alabaina, hezur gogorra izan du aurrean partidako lehen zatian. Mallorcak zerbait ona badu, modu ordenatuan lan egiteko gaitasuna da, eta gaur, amaraun trinkoa osatu du Javier Aguirrek zuzenduriko taldeak. Bere zelaian gotortuta izan da jokaldirik gehienetan, eta lerro artean ez du tarterik txikiena ere utzi. Hala, artista gorritxoek pintzelak askatu, eta pikotxa eta pala hartu behar izan dituzte, egonarriz aurkariak altxatutako harresia zulatzen saiatzeko. Lanak izan dituzte aukera garbiak sortzen: Avilaren erremate desbideratu bat eta Torroren burukada indarge bat izan dira nafarren abisurik ozenenak lehen ordu erdian.

Mallorca defentsako zereginetan aritu da buru-belarri, baina kobazulotik atera den aldi bakanetan, gola ehizatzen saiatu da, eta izerdiarazi egin du Osasunaren atzealdea. Pase gutxi batzuekin area ingurura iritsi da, eta gertu izan du 0-1ekoa 30. minutuan: Jaume Costa bakar-bakarrik iritsi da bigarren zutoinean, baina errematea gehiegi gurutzatu du. Lehen zatiko aukerarik garbiena izan da, Budimirrek luzapenean eduki duenarekin batera: area barruan erremate behartua egin du buruz, eta gutxigatik joan da kanpora.

Harkaitza zulatzen ibili ondoren, harribitxiek distira egiteko tenorea iritsi da. 47. minutua zen, eta goi-mailako jokaldia egin dute Moi Gomez, Abde eta Aimar Orozen artean. Moik lerro artean jokatu du Abderekin, honek pasea itzuli dio, eta Aimar izan da jokaldia bukatu duena. Baita ondo bukatu ere: Rajkovic ezkerkada indartsu batez gainditu du. 1-0. Zailena eginda zuen Osasunak.

Mallorca azkar ihardesten ahalegindu da. Babaren zartakoak kanpotik ukitu du zutoina. Nafarrak, ordea, ez dira lokartu. Zaleen oihu eta kantuek esna irauten lagundu diote. Jokalariek, bueltan, oso joko oneko minutuak eskaini dizkiete. Fin aritu dira, Moi Gomezen gidaritzapean. Haren erritmoan egin du dantza taldeak. Osasuna gustagarri ibili da, eta bigarrena egitea falta izan zaio bakarrik. Gertu izan du Kike Garciak. Gol gehiagoren beharrik ez da izan, ordea. Gorritxoak bete-betean daude sartuta Europako postuen lehian. Zaleen abaroan, amets egin nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.