Osakidetza

Etziko bilerak zer emango zain, protesta egin dute berriro Donostia ospitalean

Asteazkenean batzartzekoak dira osasun sistemako buruekin, mahai gainean dituzten bost eskariak hizpide hartzeko

arantxa iraola
2023ko urtarrilaren 16a
09:54
Entzun

Bost minutu doi izan dira gaur berriro. Euritakoak zabalduta, elkarretaratze laburra egin dute Osakidetzako buruzagitzarekin dituzten desadostasunak direla-eta Donostia ospitalean protestan ari diren erietxeko langileek. Ohi dutenez, txalo zaparrada batekin amaitu dute kontzentrazioa. Ez dute adierazpenik egin nahi izan ondoren hedabideentzat. Jakina da asteazkenean bilera dutela osasun sistemako buruekin, eta bertan ikusiko da ea auziak konponbiderako zantzurik duen.

Abenduaren hasieran lehertu zen krisia, eta orduan hasi ziren elkarretaratzeekin. Negoziazio batzuk tarteko, eten egin zituzten gero bolada batean, baina abenduaren 23an berriz protesta keinuarekin hasteko asmoa azaldu zuten, eta «berreskuratu» egin zuten. Abenduaren 28an, agerraldi batean, bost eskari «zehatz» egin zituzten, eta horien inguruan ari dira orain langileak.

Langileek maiz adierazi dute «langileen batzar» baten izenean ari direla. Batzar horretan, gehienak medikuak dira, baina beste langile taldeetako ordezkariak ere badira. Aparteko oihartzuna hartu zuten krisiaren hasieran Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina «batzarra» zabalagoa dela nabarmendu dute, eta «irekia».

Eskariak

«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»: hortxe langileen eskea. «Eta hor ez dugu aurrerapausorik izan», zehaztu zuten abenduaren amaieran egin zuten agerraldi hartan. «Baina esan eta esan ari gara: garrantzitsua da zuzendaritza medikoak gure ESIa ezagutzea eta ematen den artaren jarraitutasuna bermatzea». Krisia piztu zuten motiboetako bat izan zen Osakidetzak kargugabetu egin zuela Donostia ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga. «Jarduneko» zuzendaritza bat dago orain. Langileen ordezkariek esan dute ez direla «pertsonalismoetan» galduko behin betiko tokia beteko duenaren bila, baina erietxea ondo «ezagutzea» ezinbesteko ezaugarria dela.

Donostialdeko ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» ere eskatu dute. Dekretuz, orain «kontseilu kliniko asistentzialak» martxan direla esan dute, baina «bakanak» izan direla orain arte egin dituzten bilerak, eta beti «informatzeko» helburua izan dutela. Harago egingo duen organo bat nahi dute.

Zerbitzuetan egiten den lana maiztasun jakin batekin «ebaluatzea» da hirugarren eskea. «Gure proposamena da ebaluazioa norabide bikoa izatea; profesionaletatik zerbitzuburuetara, eta estamentu guztietako erdi karguak eta zuzendaritza ere sar daitezen bertan».

Langileen «egonkortasunean» aurrera egiteko ere eskatu dute. Hainbat eske sartu dituzte eskari horren barruan. Batetik, ESI bakoitzeko osasun arloko giza baliabideen zerrendak argitaratzea nahi dute, informazioa «gardena» izateko. Horri lotuta, langileak «egonkortzeko» neurriak ere eskatu dituzte, %30-40ko behin-behinekotasunak arazo handiak baitakartza. Bestetik, «ESI bakoitzaren giza baliabideen analisia» nahi dute, «bere zerbitzu kartera kontuan hartuta». Bide horretan, «erreferentzia unitateak» non jarri behar diren erabakitzeko «txosten tekniko independenteak» eskatu dituzte. Hirugarrenik, atal hori biribiltzeko, «gaitasun berezia eskatzen duten lanpostuen profila» ezartzeko eskatu dute.

Krisia piztu zenetik usu aipatu dituzte ESIko profesionalek Onkologikoari buruzko eskeak. Horri buruzkoa da zerrendatu duten bosgarren eskea. Zentro hori erakundean guztiz txertatzea nahi dute. Justu Osakidetzak findu berria du harekiko «lotura hitzarmen berria», eta iruditzen zaie «antolakuntzaren alderdia» ez dela batere argia. Azalpenak nahi dituzte horregatik: «Izan ere, eragina izan dezake pazienteen zirkuituetan eta asistentziaren kalitatean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.