Erakusketak

Oreka izango du ardatz Guggenheim museoko aurtengo programazioak

Bilboko Guggenheim museoak zazpi erakusketa antolatuko ditu 2023an. Otsailaren 10etik aurrera ikusi ahal izango da lehena: ‘Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945’.

Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria –ezkerrean– eta komisarioetako batzuk gaur goizean, urteko programazioa aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 16a
14:10
Entzun

Bilboko Guggenheim museoak aurreko urteetako «anbizio, asmo eta bikaintasun» berarekin ekingo dio 2023ari. Hala adierazi du Juan Ignacio Bidarte zuzendariak, goizean emandako prentsaurrekoan. Guztira, zazpi erakusketa egingo dituzte aurten. Horietatik lehena, Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945, otsailaren 10etik aurrera egongo da ikusgai.

«Oreka» izango du jomuga aurtengo programazioak, zentzu guztietan: «Erakusketek izango duten denbora tartearengatik, genero aldetik, geografikoki... Aniztasuna izango da nagusi». Hala, programazioa «publiko zabal batentzat erakargarria» izango dela ziurtatu du Bidartek, baita «askotarikoa» ere. Era berean, iazko urtea «oso ona» izan zela nabarmendu du zuzendariak: 1.289.147 milioi bisitari izan zituen. 25 urte bete zituen museoak, eta, ospakizun gisa, jarduera andana prestatu zuten urte osorako.

Hauek dira, zehazki, Guggenheimeko 2023ko programazioa osatuko duten zazpi erakusketak, hurrenkera kronologikoan:

'Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945'. Otsailaren 10etik maiatzaren 25era bitarte.

Aurtengo lehenengo erakusketak Joan Miró artista izango du protagonista. Baina, haren ibilbide osoaren errepasoa egin ordez, «funtsezko aldi bat» erakutsiko da: 1920tik 1945era bitartekoa, hain zuzen ere. Parisera egindako lehenengo bidaiarekin abiatuko da erakusketa, eta, Konstelazioak egin ondoren urte batzuk margotu gabe eman eta gero, artistak hondo zuri baten gainean margotutako obra sail handi batekin amaituko da. 82 obra egongo dira erakusgai Guggenheim museoko 105. aretoan, eta Enrique Juncosa arituko da komisario lanetan.

'Oscar Kokoschka'. Martxoaren 17tik irailaren 3ra bitarte.

Oskar Kokoschka artista austriarraren atzera begirakoarekin osatuko dute urteko bigarren erakusketa. Vienako modernismoaren erreferentetzat hartzen da Kokoschka, eta haren ibilbide osoa erakutsiko da, 140 artelanen bitartez. Diziplina ugaritan aritu bazen ere, artea izan zen haren bizitzako hari nagusia. «Kontzientziak astintzeko tresna gisa ulertzen zuen artea», kontatu du Marta Blaviak, Dieter Buchhart eta Anna Karina Hofbauer komisarioen laguntzaileak. Ekintzailea izan zen aktibismo politikoaren testuinguruan, baita arte figuratiboaren bultzatzailea ere. Parisko Arte Modernoko Museoarekin elkarlanean osatuko dute erakusketa.

'Lynette Yiadom-Boakye'. Maiatzaren 31tik irailaren 10era bitarte.

Zorion, adiskidetasun zein bakardade uneetan irudikatutako pertsonaien erretratuak egiteagatik egin zen ezagun Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazle britainiarra. Fikziozko pertsonaiak erakusten ditu bere lanetan, eta, zenbaitetan, animaliak ere azaltzen dira horiekin batera. Obrei lasai begiratzeko gonbita egin nahi die ikusleei, eta artelan bakoitzaren izenburuek ere gogoeta bultzatuko dute. 2020 eta 2023 bitartean sortutako 65 obra egongo dira ikusgai erakusketan, eta katalogo ilustratu bat ere izango du.

'Yayoi Kusama: 1945etik gaur egunera'. Ekainaren 27tik urriaren 8ra bitarte.

Japoniako Yayoi Kusama artista eta idazlearen atzera begirakoa izango da urteko laugarren erakusketa. Azken zazpi hamarkadetan, ikuspegi abangoardista landu du artistak. Betiere, estetika pertsonal berezia eta bizitzaren filosofia ardatz hartuta. Bigarren Mundu Gerran egin zituen lehen marrazkietatik abiatuko da erakusketa, eta gaur egunera bitarte egin dituen 200 obra inguru ikusi ahal izango dira. Besteak beste, pinturak, marrazkiak eta eskulturak. Kronologikoki eta gaika antolatuta egongo da erakusketa, eta sortzaileak bere ibilbidean landutako askotariko gaiak erakutsiko ditu. Tartean, infinitua, natura kosmikoa, heriotza eta bizitza.

'Picasso. Materia eta gorputza'. Irailaren 29tik 2024ko urtarrilaren 14ra bitarte.

50 urte beteko dira aurten Pablo Picasso hil zenetik, eta, haren omenez, artistak egindako 45 eskultura erakutsiko dira. Giza gorputza izango da erakusketaren ardatza, eta artistak jorratutako askotariko estiloak jasoko ditu. Erakusketa hau da Guggenheimek 2023an espero duen bildumarik esanguratsuenetako bat.

'Marine Hugonnier: landa txostenak'. Urriaren 27tik 2024ko urtarrilaren 21era bitarte.

Dokumental eta fikzio estrategiak erabiltzen ditu Marine Hugonnier artistak obrak egiteko. Behaketa hartzen du oinarri gisa, eta aurrez aurre begiratzen dio irudikatu nahi duen horri. Erakusketaren bitartez, artistak azkenaldiko praktika eta praxi filmikoaren inguruan duen ikuskera erakutsiko da. Film & Video programaren proposamena izango da, eta Manuel Cirauqui arituko da komisario lanetan.

'Gego: infinitua neurtzen'. Azaroaren 3tik 2024ko otsailaren 4ra bitarte.

Gego (Gertrud Goldschmidt) artistaren obrari eskainiko diote urteko azken erakusketa. Sortzaileak abstrakzioaren inguruan zuen ikuspegiaren bilakaera jorratuko da erakusketan, eta askotariko eskulturak, marrazkiak, grabatuak, liburuak eta ehunak erakutsiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.