Futbola

Eneko Compains: «Sadarren banderak kentzeko emandako agindua erabat arbitrarioa da»

EHUko Konstituzio Zuzenbide irakaslea da larunbatean segurtasun indarrek kendu zituzten banderen jabea. Twitterren azaldu du bere ikuspuntua.

Eneko Compains Sadarren, larunbatean, segurtasun indarrekin eztabaidan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 17a
10:53
Entzun

«Bideoan ageri direnetako bat naiz, eta kentzen dituzten banderen jabea. Gertatutakoa ez da zerbait berria; jende askori gertatu zaio. Berria dena da irudiak zabaldu izana». Horrela hasi du Eneko Compains EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak Twitterren idatzi duen haria. Han azaldu du joan den larunbatean Iruñeko Sadar estadioan zer gertatu zitzaion, eta legediaren aldetik ere aztertu du segurtasun indarren jokabideak duen oinarri falta. Compains da zabaldu den bideoan segurtasun indarrekin eztabaidan ageri dena.

Larunbatean, Sadarreko harmailetan, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistako kideek pankarta bat erakutsi zuten hainbat minutuz (eurek bota zuten ondoren), eta, hori ikusita, baimenik ez zuten ikur guztiak kentzeko agindua eman zuen Espainiako Poliziaren koordinatzaileak, estadioko segurtasun indarren buruak. Beste batzuen artean, Compainsek eskegita zeuzkan Ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat kentzera joan ziren agenteak; txistuak eta protestak eragin zituen horrek, eta, azkenean, ikurrak erakutsi ahal izan zituen zaleak. Darko Brasanac jokalariari kamiseta eskatzeko haur batek zuen pankarta kentzen ere saiatu ziren.

Horrela azaldu du Compainsek bere kasua: «Arazoak estadioaren sarreran bertan hasi ziren. Guardiak esan zidan ez zekiela Euskal Herriko armarria zuen ikurrinarekin pasatzerik banuen edo ez. Zergatik? Ez zuen erantzun. Orduan, alboan zuen Espainiako Poliziari galdetu zion, eta hark: «Zalantzaren aurrean, ez dadila pasa». Badakizue, Polizia beti pro libertate, askatasunaren benetako zaindariak. Igarri dadila ironia».

Azkenean, bandera kendu eta minutu batzuk izan zuten zain, baita partida hasita zegoela ere. Azkenean, hainbat aldiz eskatu eta gero, itzuli zioten bandera Compainsi, eta igo zen harmailetara. Segurtasun indarrak minutu gutxi geroago azaldu ziren berriro, banderak kentzeko aginduz. Ezetz esan zuen zaleak, eta orduan gertatu zen bideoan ageri den momentua; han, guardiek indarrez kentzen dituzte banderak, Compainsekin eztabaidan ari diren bitartean.

«Zer arauren arabera zentsuratzen dituzte ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat? Denboraldi osoa daramat-eta haiek jartzen! Erantzunik ez. Aginduaren arduraduna nor zen esateko exijitu nien. Klubaren aginduak zirela soilik esan zidaten. Borra atera zuen batek. Azaldu nien urteak neramatzala leku horretan bertan banderak jartzen, baina ez zegoen zereginik».

Azkenean, hainbat minutuko tentsioaren ostean, lortu zuen bere helburua Compainsek, eta ez zituzten eraman ikurrina eta bandera.

Legezko oinarririk ez

Zuzenbidean aditua izanik, EHUko irakasleak ikuspuntu horretatik ere begiratu dio gertatutakoari: «Ez da Sadarren banderekin arazoak ditudan lehen aldia. Urrutira joan gabe, denboraldi honetan bertan SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko bandera batekin sartzea eragotzi zidaten. PCE Espainiako Alderdi Komunista legezkoa da; beste alderdi komunista batzuk ere bai; baina, aizu, zu ezin zara bandera komunista batekin sartu. Zergatik? Zer lege oinarrirekin? Honek zer lotura du antibiolentziarekin? Non geratzen da Espainiako Konstituzioak sagaratzen duen adierazpen askatasuna?», galdetu du.

«Noski, eskatu arren, inork ez dizu ematen araua azaltzen duen paperik. Erabat erabaki arbitrarioa da». Gogoratu du konstituzioak dioenez ezin dela zentsurarik ezarri aurretiaz; hau da, herritar batek nahi duena esan dezakeela, eta, ondoren, esandakoa delitua baldin bada, epaitu ahal izango dutela. «Sadarren, hego harmailan behintzat, etengabea da aurretiazko kontrola, absolutua, eta justifikaziorik gabea», gehitu du.

«Egun batetik bestera, legedia aldatu gabe, lehen normal jartzen zenuen bandera legez kanpokoa da, dirudienez, hego harmailan agertu den pankarta batek segurtasunaren arduraduna molestatu duelako. Izan ote liteke arbitrarioagoa?», galdetu du, Poliziaren jokabidea legearen kontrakoa dela azpimarratu aurretik.

Amaitzeko, bere ondorioak idatzi ditu Compainsek: «Azkenean, erakusten dutena da ikurrina eta Nafarroako bandera direla Polizia, nabarreroak eta futbol modernoaren defendatzaile guztiak molestatzen dituzten sinboloak. Beraz, hurrengo jardunaldian nire banderekin joango naiz Sadarrera, eta jende gehiago ere animatzea espero dut. Gure herrian, gure ikurrak!».

EH Bilduren galdera

Compains ez zen izan atzo Twitterren idatzi zuen bakarra. Haren haria baliatuta, Maiorga Ramirez Nafarroako Parlamentuko kideak (EH Bildu) iragarri zuen ahozko galdera bat egingo diola gobernuari «gaiaren inguruan zer iritzi duten jakiteko eta adierazpen askatasuna defendatzeko zer neurri hartuko dituzten argitzeko». Honela gehitu zuen: «Oinarrizko eskubide baten urraketa ez da erakunde baten kontua: guztioi eragiten digu». Galdera horren erantzuna urtarrilaren 26ko saioan heldu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.