Futbola

Ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat Sadarreko harmailetatik kenarazi izana ikertuko du Osasunak

Klubak gertatutakoa gaitzetsi du, eta Espainiako Poliziaren koordinatzailea egin du erantzule. Hasieran zaleei ikurrak kendu zizkieten arren, minutu batzuk geroago berriz jarri ahal izan zituzten.

GKSk atzo Sadarren zabaldutako pankarta. Osasunako arduradunen arabera, hori izan zen Espainiako Poliziako koordinatzailearen haserrea eragin zuena. @GKS_IRUNERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 15a
19:04
Entzun

2023an lehen aldiz, Sadarrera itzuli zen atzo Osasuna, eta, taldeak Mallorcari irabazi zion arren (1-0), ez zen erabat arratsalde lasaia izan gorritxoen zaleentzat. Partida hasi aurretik, estadioko segurtasun indarrek ikurrin bat, Nafarroako bandera bat eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistaren pankarta bat kendu zizkieten zale batzuei, beste ikur batzuekin batera. Minutu batzuk geroago, berriz erakutsi ahal izan zituzten.

Segurtasun indarren arabera, zaleek ez zuten ikur horiek eskegitzeko baimenik. Txistuak eta protestak eragin zituen gertatutakoak, bai segurtasun indarren kontra, baita klubeko zuzendaritzaren aurka ere.

Gaur, ohar baten bidez, Osasunak gertatutakoa gaitzetsi du, eta jakinarazi du ikerketa bat zabalduko duela «erantzuleak topatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko».

Osasunako iturriek Noticias de Navarra egunkariari azaldu diotenez, Kirolaren Legeak harmailetan jarriko den edozein ikurren berri ematera behartzen du kluba, baina Osasunaren irizpideak «oso malguak» izan ohi dira. Ikurrinak, adibidez, sarritan egon ohi dira atzoko toki berean.

Klubeko arduradunen arabera, atzoko berritasuna GKSko kideek zabaldutako pankarta izan zen —urtarrilaren 28an Iruñean eta Bilbon egingo dituzten manifestazioetara deitzeko zen—; «ez zuten horren berri eman», Osasunako zuzendaritzak azaldu duenez. Pankarta hori ikusita, Espainiako Poliziako koordinatzaileak —hura da estadioko segurtasun indarren burua— agindua eman zuen baimenik ez zuten ikur guztiak kentzeko.

Horrek zaleen haserrea eragin zuen, eta tentsioa izan zen harmailetan. Azkenean, ordea, segurtasun indarrek amore eman zuten.

Izan ere, aipatutako ikurrak ez ziren izan zaleei kendu zizkieten bakarrak. Sareetan zabaldu da, adibidez, Darko Brasanac jokalariari kamiseta eskatzeko pankarta bat zuen haur baten kasua. Hari ere kendu nahi zioten mezua segurtasun indarrek. Azkenean, jokalari serbiarrak elastikoa eman zion zaleari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.