EHUk beste bi gradu eskainiko ditu datorren ikasturtetik aurrera

Lehenengoz, ikasleek aukera izango dute Bilbon Biomedical Engineering eta Donostian Haur Hezkuntza+Lehen Hezkuntza gradu bikoitza ikasteko. EHUk 107 titulu eskainiko ditu orotara.

Euskal Herriko Unibertsitatea, artxiboko irudian. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 17a
14:32
Entzun

Nahiz eta urtea hasi baino ez den egin, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea irailera begira jarrita dago: gaur jakinarazi du, ohar bidez, zein ikasketa emango dituzten 2023-2024ko ikasturtean. Hauek nobedadeak: ikasleek aukera izango dute Bilboko Ingeniaritza Eskolan Biomedical Engineering oso-osorik ingelesez ikasteko, eta Donostiako campusean Haur Hezkuntza+Lehen Hezkuntza gradu bikoitza eskainiko dute. Guztira, 107 titulu emango ditu EHUk.

Ikasketa berrien xehetasunak ezagutarazi ditu Eva Ferreira EHUko errektoreak. Biomedical Engineering graduak prestakuntza duala eskainiko du —unibertsitatean ikasiz eta enpresetan lan eginez—, eta osasun zientzien arloko irtenbide teknologikoak garatzea izango du helburu. EHUk osorik ingelesez eskaintzen duen bigarren titulua izango da, Business + Economics gradu bikoitza eskaintzen baitu jada. Egun, 800 irakasgai inguru ematen dituzte ingelesez, eta 180 inguru euskara, gaztelera eta ingelesa ez diren beste hizkuntza batzuetan.

2023-2024ko ikasturterako beste berrikuntza Haur Hezkuntza+Lehen Hezkuntza gradu bikoitza izango da. Euskaraz eskainiko dute. Ikasleek egindako eskaerari erantzun nahi diote horrela, EHUk ohar bidez azaldu duenez: «Eskaera akademiko eta sozialari erantzuten dio, ikasle talde handi batek Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiteko interesa adierazten baitzuen». Gradua bost urtekoa izango da, ikasleek lau aldiz egingo dituzte praktikak, eta, azken urtean, Lehen Hezkuntzako aipamenetako bat lortuko dute. Titulu horrekin, EHUk hamabost gradu bikoitz izango ditu.

EHUk azken ikasturteko matrikulazio datuak ere ezagutarazi ditu: 2022-2023ko ikasturtean, 8.300 ikaslek eman dute izena lehen mailan. Horietatik %76,1ek izan zuen aukeratutako lehen ikasketak egiteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.