Bertsolaritza

Bertsoa eta gorputza, banaezin

‘Kantatu ezin denaz’ izenburupean, bertsolaritzan dauden gorputzez eta kantatzeko zilegitasunaz aritu dira Irati Majuelo, Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza eta Maider Arregi, San Telmo museoan.

Ezker-eskuin, Maider Arregi, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita eta Irati Majuelo, Kantatu ezin denaz mahai inguruan, asteartean, San Telmo museoan. GORKA RUBIO
Miren Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 18a
18:56
Entzun

«Bertsolaria ez da ahotsa, hitza eta ideiak bakarrik: gorputz oso bat da oholtza gainean. Baina orain arte bertsolariak buru hiztunak bailiran behatu dira, eta bertso jardunaz aipatu diren ezaugarririk gehientsuenak lepotik gora kokatu dira: inteligentzia, arrazoiketarako gaitasuna, memoria, dialektikarako trebetasuna...». Uxue Alberdiren hitz horiekin abiatu zuen Irati Majuelok Kantatu ezin denaz mahai ingurua, atzo, Donostiako San Telmo museoan. Askotariko diziplina artistikoen arteko elkarrizketa xede duen EHUko Gorputza, egiletasuna eta generoa euskal kultur sorkuntzan ikerketaren barruan antolatu zuten mahai ingurua.

Zein gorputz daude bertsolaritzan? Zein gorputzetatik da zilegi kantatzea? Nola ireki bideak errealitate aberatsagoei kantatzeko? Horrelako galderak egin zizkien Majuelok mahai inguruan parte hartu zuten Maider Arregi, Saioa Alkaiza eta Onintza Enbeita bertsolariei. Horretarako, ordea, eta Alberdiren hitzei tiraka, bertsotan ari direnean beren gorputzarekin duten harremanaz aritu ziren lehen-lehenik. Enbeitak hartu zuen hitza: «Uste dut, ezinbestean, gorputza ikusi egiten dela, eta besteek zure gorputza irakurtzeko duten modu horrek zugan eragiten duela publikoaren aurrean jartzen zarenean. Gainera, jakinda gizarte zoragarri honetan lodia izatea lotuta dagoela alferkeriarekin, utzikeriarekin, osasunik ezarekin eta beste hainbat gauzarekin... publikoak nigan hori ikusten duela pentsatzeak eragin negatiboa izan du nire kasuan». Gaineratu zuen, beraz, zerbaitek huts egiten zuela jendaurre horretan. «Ni bertsotan egitera noa; teorian, gorputzarekin beharrean, buruarekin egin behar den zerbait egitera».

Bat egin zuen Alkaizak Enbeitak esandakoekin. «Bertsotan egiteak oso jardun arrazionala ematen du, baina, nire ustez, fisikoa da; orduan nabaritzen baitut gehien nire gorputza». Itxurarekin lotu izan du hori: «Gero eta itxura kanonikoki heterosexualago bat agertu, orduan eta errazago egokitu naiz espazio batzuetara. Aldiz, normatik geroz eta gehiago aldendu, orduan eta zailagoa izan zait egokitze hori». Bestalde, gaineratu zuen gizonezkoen gorputzak «desagertu» egiten direla bertsotan ari direnean. «Oso gutxitan entzun ditut gizonen itxuraren, janzkeraren edota egoteko moduaren gaineko irakurketak». Nolanahi ere, horretaz kontziente dela azaldu zuen Alkaizak, eta, hain justu ere, kontziente izate horrek ahalduntzen duela bera.

Alkaizaren antzera, bera ere egoera horretaz «kontziente» dela adierazi zuen segidan Arregik. Are, bertsotan hasi aurretik ere ohartua zela azaldu zuen, bera bertsotan hasterako feminismotik interpretazio asko eginda zeudelako. «Orduan, bertso mundura sartzen zara abisu moduko batekin: ‘Bueno, sartu, baina kontuz ibili, badakizue-eta hemen zer gertatzen den’». Horren guztiaren jakitun izateak, ordea, ez duela epai horietatik «libratu» azaldu zuen. «Jakiteak aktibatzen du kontra egiteko aukera bat, baina gure artean elkarrekin baliatzeko espazioak sortu ditugun arte, jakitearekin edo kontziente izatearekin bakarrik ez da nahikoa izan».

Bertsolariek, gaia jarrita kantatzen dutenetan, rol edo pertsonaia batzuk gorpuzten dituzte kantuan. Eta, hain zuzen ere, rol horien eta euren gorputzen arteko talkaz aritu ziren ondotik. «Bertsotara goazenean, askotan, jartzen diguten identitateak ez du bat egiten gure gorputzarekin», adierazi zuen Arregik. Gaiak bertsolariari esleitzen dion identitatearen araberakoa izaten da, ordea, talka hori. Arregik, esaterako, azaldu zuen beregandik urrun geratzen diren identitateetatik kantatzea kosta egiten zaiola. «Sozialki eta politikoki nik baino botere gutxiago duen jendearen rola hartzea da gehien kezkatzen nauena: pertsona migranteak, arrazializatuak, presoak... Horrelakoetan blokeatzen naiz, ez dudalako horrelako identitate baten jabe egin nahi».

Enbeitari eta Alkaizari ere gatazka handia sortu izan die kontu horrek. Izan ere, azaldu zuten zaila zaiela beren buruei zenbait rol hartzeko zilegitasuna ematea. Enbeita: «Nik gai baten aurrean erabakitzen badut izatea ez naizen zerbait, adibidez, ama bakarra, prostituta, migrantea... askotan erreakzioa izaten da: ‘Ya estamos...’». Aldiz, Enbeitaren ustetan, «hegemonian dagoenak» edo «ustez neutroa denak» erabaki dezake nahi duen edozer izatea. «Plazan politikoki zuzenak dira, baina desmelenatzen direnean, lehenengo kaxoian daukatena da oso egoera pribilegiatu batetik kantatu daitekeen hori guztia».

Gaietan non kokatu, pertsonaia horiek noiz, non eta zein helbururekin eraiki... Askotan hausnartu dute horren inguruan. Ordea, Enbeitaren hitzetan, euren inguruko askok —«gehienak, gizonak»— ez dute hausnarketa hori egiten. Bat dator Enbeitarekin Alkaiza: «Ez zait kasualitatea iruditzen zeinek kuestionatzen duen hau guztia».

Bertsotan epika egitea
Alkaizaren hitzetan, epika txalotzen da gehien bertsotan, nahiz eta, haren ustetan, bertso berak ez duen berdin balio ahots batetik edo bestetik kantatuta. «Izan behar zara oso-oso ona epikari ihes egin eta publikoa jartzeko alternatiboak diren diskurtsoak txalotzen».

Enbeitak erantzun zion Alkaizak esandako horri: «Kontua ez da hori egiteak egiten gaituela on, baizik eta onak garenean onartzen digutela hori egitea». Maialen Lujanbio jarri zuen horren adibide gisa: «Lehenengo erakutsi zuen oso ona zela, eta gero lortu zuen zenbait gauza kantatzeko zilegitasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.