Elurrak arazoak eragin ditu errepidean

Gutxienez hamabost mendate daude itxita elurragatik. Garbitu dute A-15 eta N-121-A errepideetan zegoen elurra, eta irekita daude jada. 

A-15 errepidea Pagozelai inguruan, atzo. JESUS DIGES/ EFE
Isabel Jaurena - Irati Urdalleta Lete
2023ko urtarrilaren 19a
09:23
Entzun

Elurra da gaurko protagonista. Anitz pozik dauden arren, lanera edo ikastetxera joan behar duten horiek ez dute berdin pentsatzen. Izan ere, eguraldiaren ondorioz, zenbait errepide itxi behar izan dituzte, eta bertze hainbatetan trafikoa mugatu dute.

Orain, hamabost mendate behintzat itxita daude eguraldiagatik Euskal Herrian: Aiurdin, Bernedo, Gasteizko mendatea, Herrera, Opakua, Urduña, Zaldiaran (Araba), Bizkaiko behatokia, Lekoizgana (Bizkaia), Udana (Gipuzkoa), Belagua, Artesiaga, Urkiaga, Urbasa eta Larrañe (Nafarroa). Beste mendate batzuk, berriz, autoentzat soilik daude irekita, baina kateak erabiltzea derrigorrezkoa da: Ganguren (Bizkaia), Eitzaga, Gatzaga, Lizarrusti, Otsaurte eta Urraki (Gipuzkoa). Beste zenbait mendate kateak erabiltzen dituzten ibilgailu guztientzat daude irekita: Kurtzeta (Araba), Aritxulegi, Artikutza eta Bidania (Gipuzkoa).

A-15 errepidean, trafikoa eten dute tarteka goizaldean, elurra garbitzeko. Hala ere, Nafarroako Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak jakinarazi duenez, 08:30 aldera bi noranzkoetan ireki dute zirkulazioa. N-121-A errepidean ere trafikoa gelditu dute, baina jada irekita dago, eta arretaz gidatzeko eskatu dute. Iruñea eta Gasteiz lotzen dituen bidean (N-240-A) ezin dira ibilgailu astunak ibili, istripu bat egon baita. N-135ean, berriz, kateak erabiltzea derrigorrezkoa da.

Iruñean ere elurpean hasi dute eguna, baina ez da aparteko arazorik egon. Autobus zerbitzuetan atzerapenak egon diren arren, trafikoak irekita jarraitzen du, baina tentuz gidatzeko eskatu dute.

Alerta laranja luzatzea erabaki zuten atzo Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen gaur 09:00ak arte luzatzea. Nafarroako Gobernuak, berriz, 18:00ak arte eutsiko die neurri, bereziei erdialdean eta isurialde atlantikoan, elur gehiago espero baita. Pirinioetan, berriz, gauerdira arte luzatuko dute. Bideoa: elurra, atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.