Indarkeria matxista

Gipuzkoako saileko bortxatzaileari beste zigor bat ezarri diote, hemezortzi urtekoa

Bi emakumeri sexu erasoa egiteagatik eta beste bat bortxatzeagatik zigortu dute. Eraso horiek 2012an eta 2013an gertatu ziren, Andoainen, Tolosan eta Anoetan.

Beasaingo erasoa salatzeko herri horretan egin zen bilkura, 2019ko uztailaren 14an. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 19a
14:43
Entzun

Efe albiste agentziak aurreratu duenez, 2010eko hamarkadan Gipuzkoan hainbat emakumeri eraso egin zien gizonari beste espetxe zigor bat ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak, hemezortzi urtekoa. Bi sexu eraso eta bortxaketa delitu bat egiteagatik ezarri diote zigorra; zehazki, eraso horiek 2012. urtean eta 2013. ean gertatu ziren, Andoainen, Tolosan eta Anoetan. Gainera, emakume horiekiko urruntze agindua bete beharko du espetxetik ateratzen denean, eta eraso bakoitzagatik lau eta bederatzi urte bitartean egon beharko du zaintzapean aske. Sexu erasoa jasan zuten emakumeei 12.000 eta 14.000 euroko kalte ordaina eman beharko die, eta bortxatu zuenari, 35.000 eurokoa.

Zigor horiek gizon horri lehendik jarri zizkioten beste biei gehitu zaizkie: bederatzi urteko espetxe zigorra 2015ean Lasarte-Orian neska bat kloroformoarekin lokartzeagatik, eta hamabi urtekoa 2019an Beasainen emakume bat bortxatzeagatik. Azken eraso horren ostean atxilotu zuten bortxatzailea, eta ondoren jakin zuten zazpi urtez Gipuzkoan izan ziren zenbait erasoren atzean zegoela.

Aurreko bi zigorrei helegitea aurkeztu die Espainiako Auzitegi Gorenean, soilik baietz da baietz lege berrian oinarrituta. Orain ezagutarazi den epaia, ordea, lege hori aintzat hartuta eman du Gipuzkoako Auzitegiko 3. Salak. Aipatutako auziez gain, bada erasotzailearen aurkako beste bat, oraindik irekia, bere delitu batengatik, baina instrukzio fasean dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.