Hilberria

David Crosby folk-rock gitarrista hil da, 81 urterekin

The Byrds taldeko kide izan zen musikari estatubatuarra, baita Crosby, Stills, Nash & Young bandakoa ere.

jarraia223360.jpg
Uxue Rey Gorraiz - Andoni Imaz
2023ko urtarrilaren 20a
10:08
Entzun

Folk-rock musikan zigilua utzia duelarik zendu da David Crosby gitarrista estatubatuarra. The Byrds taldean aritu zen urteetan, 1964tik aitzina, Roger McGuinn, Gene Clark, Chris Hillman eta Michael Clarkekin batera. 1968tik aurrera, Crosby, Stills, Nash & Young taldeko partaide izan zen, eta, 1970ko hamarkadan, bakarkako lanak plazaratzeari ekin zion batik bat. Haren emazteak jakinarazi duenez, «eritasun luze baten ondotik» zendu da, 81 urterekin.

Folk-rockean eginikoengatik, Crosby maisutzat zeukaten askok. Haren gitarraren doinuarekin kaleratutako hainbat kantuk erdietsi zuten arrakasta handia, eta urteek ez dituzte herdoildu, gainera. Nabarmentzekoak dira, adibidez, Eight Miles High, Lady Friend, Guinnevere eta Wooden Ships.

Ibilbidean erakutsitako errebeldiak ere atentzioa eman zuen zenbait alditan; sutsuki defendatu zituen mugimendu kontrakultural batzuk, eta 1982an espetxeratu egin zuten, drogak eta armak edukitzeagatik. Bost hilabete eman zituen kartzelan.

Los Angelesen jaio zen, 1941ean, eta aktore izan nahi zuen gaztetxotan; 20 urterekin heldu zion gitarra jotzeko grinak, eta folk talde batean jotzen hasi zen, 1960ko urteetan AEBetako mendebaldeko kosta zeharkatzen zuen soinu eta giro berriak hauspotuta.

Giro bizi hartan sortu zen The Byrds taldea. 1965ean kaleratu zuten beren aurreneko diskoa, Mr. Tambourine Man: folk kanten bertsio disko bat, nagusiki, Bob Dylanek konposatutako pieza batzuk biltzen zituena, baita Clark taldekideak sortutako edo moldatutako beste batzuk ere. Taldeak arrakasta handia izan zuen.

1960ko hamarkadaren bigarren erdian, eragin handia izan zuten rock psikodelikoaren sorreran —Fifth Dimension (1966), Younger Than Yesterday (1967) eta The Notorious Byrd Brothers (1968) diskoen bidez—, eta country rockean ere bai, 1968ko Sweetheart of the Rodeo lanarekin. Denera, estudioko hamabi lan egin zituzten hamar urtean.

The Byrds taldearekin egindako bideak Rock and Rollaren Ospearen Aretora eraman zuen Crosby. Eta beste behin ere sartu zuten han, handik urte batzuetara, Stephen Stillsekin eta Graham Nashekin batera. Hirurek disko bat atera zuten, 1969an, azalean soilik haien abizenak zeramatzana, eta lau milioi ale baino gehiago saldu zituzten. Handik urtebetera, Neil Youngekin laukotea osatu zuten, Atlantic Records zigiluaren bultzadarekin.

Halaxe sortu zen Crosby, Stills, Nash & Young (CSNY) talde entzutetsua. Jatorrizko Woodstock jaialdian jo zuten, besteak beste. Déjà vu (1970) izan zen elkarrekin kaleratu zuten lehen lana, eta hippyen garaiko disko ikoniko bihurtu zen denbora gutxian.

Crosbyk hurrengo urtean atera zuen bere bakarkako lehenengo diskoa: If I Could Only Remember My Name. Ordutik, bakarka aritu da maiz, eta hainbat kolaborazio ere egin ditu. Bakarkako zortzigarren eta azken lana 2021ekoa da: For Free.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.