Futbola

Espainiako federazioari matxismoa egotzi diote Superkopako sari banaketagatik

Bartzelonako eta Realeko jokalariek eurek hartu eta jantzi behar izan zituzten irabazi zituzten dominak. Joan den astean, gizonezkoen Superkopan, Luis Rubiales presidentea izan zen hori egiteko arduraduna.

Bartzelonako jokalariak garaipena ospatzen, atzo, Meridan (Espainia). JERO MORALES / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 23a
13:30
Entzun

Realeko eta Bartzelonako jokalariak, Superkopako finalaren ostean, irabazitako dominak mahai batetik hartu eta janzten. Irudi horiek zabaldu dira sare sozialetan, eta haserrea eragin dute zaleen artean. Aurrez ere polemika zegoen RFEF Espainiako Futbol Federazioak emakumezkoen futbolari ematen dion tratuaren inguruan —Espainiako selekzioko hautatzailearen eta jokalarien artean izandako tirabirak tarteko—, eta, atzo gertatutakoa ikusita, matxismoa egotzi diote federazioari berriz ere.

Joan den astean gizonezkoen Bartzelonak eta Real Madrilek Riaden jokatu zuten finaleko sari banaketarekin alderatu dute askok Meridakoa (Espainia). Saudi Arabian, besteak beste, Luis Rubiales federazioko presidentea izan zen jokalariei dominak jartzeko arduradunetako bat.

Federazioaren arabera, protokolo kontu bat izan zen atzokoa. Azaldu duenez, Meridako Romano Jose Fouto estadioko azpiegiturek zaildu egiten dute erakundeetako ordezkariak zelaira jaistea, eta horregatik jaso behar izan zituzten dominak jokalariek beraiek. Errege Kopako finaletan ere gertatu izan da hori, federazioaren arabera. Kopak bai, palkoan jaso zituzten bi taldeetako kapitainek, Bartzelonako Marta Torrejonek eta Realeko Nerea Eizagirrek. Rubialesek berak eman zizkien.

AFEk, Espainiako futbolarien elkarteak, gogor kritikatu du federazioaren jarrera, ohar bidez: «Gutxietsi egin dituzte jokalariak, eta ez diete merezi duten moduan aitortu daukaten meritua. Egun batzuk lehenago, berriz, Saudi Arabian, gure elkarteko kide diren gizonezkoei bestelako tratua eman zieten». Elkartearen iritziz, Meridakoa «errepikatu ezin den irudi lotsagarri bat» izan zen.

AFEk, gainera, esan du sari banaketa ez zela izan baztertzailea izan zen kontu bakarra; besteak beste, salatu du emakumezkoen finalean ez zegoela VAR sistemarik. Gizonezkoenean, bazegoen. Espainiako Gobernuari eskatu dio gertatutakoa kontuan hartzeko.

Nerea Eizagirre atzo, Meridan (Espainia), Superkopako txapeldunordearen garaikurra jasotzen.Reala

Palkoan, Rubialesekin batera, Jorge Vilda Espainiako hautatzailea zegoen. Jakina da haren eta atzoko finala jokatu zuten hainbat jokalariren arteko giroa ez dela oso ona: joan den irailean Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin zioten hamabost jokalarietatik zazpi zeuden atzo zelaian. Oraingoz, ez dirudi giroak hobera egingo duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.