Albistea entzun

Lurraren nukleoa moteltzen ari da

Pekingo unibertsitateko bi sismologo heldu dira ondorio horretara. Haien arabera, Lurraren nukleo solidoaren errotazioa moteldu eta azkartu egiten da, hamarkada batzuk irauten duen ziklo batean. Horrek eragina du egunaren iraupenean, aldea nabari ezina bada ere.

Lurra.
Lurra. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2023ko urtarrilak 24 10:10

Jakina da Lurrak nukleoa duela, baita nukleo horrek bi geruza dituela ere: barnekoa, solidoa; eta hura inguratzen duen kanpokoa, likidoa. Ia ehun urte inguru igaro dira Inge Lehmann sismologo danimarkarrak biak bereizi zituenetik, baina oraindik ere lurpean dira nukleoaren inguruan jakin beharreko guztiak. 1936an egin zuen aurkikuntza sismologoak; nola, ordea? Lurrikaren uhinek Lurraren nukleoa zeharkatzean izandako aldaketak aztertu zituen, eta ikusi zuen punturen batean desbideratu eta azkartu egiten zirela. Lehmannen etena deritzo, hain zuzen, nukleoaren bi geruzek bat egiten duten guneari.

Eten horrek Lurraren barneko —nukleo solidoaren— eta kanpoko —lurrazalaren— errotazioan duen eragina aztertzeko dago oraindik, eta, horretarako, badirudi modu bakarra lurrikaren uhinak aztertzea dela. Bada, horretan aritu dira Yi Yang eta Xiaodong Song Pekingo Unibertsitateko Geofisika Teorikoko eta Aplikatuko Institutuko ikerlariak. Eta ondorio batera iritsi: Lurraren nukleo solidoaren errotazioa moteltzen ari da.

Lehenengo ikerketan, 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitarteko hainbat lurrikara periodiko izan zituzten aztergai, Hegoaldeko Sandwich uharteetan jazotakoak. Ozeano Atlantikoan dago jatorri bolkanikoa duen 11 irlako artxipelago hori, hego polotik gertu. Bi uhin mota konparatu zituzten: batetik, hego polo aldean jasotakoak, eta, bestetik, horiek Lurra zeharkatu ostean, Alaskan, ipar polotik gertu erregistratutakoak. Emaitza: uhin horiek ez zituzten ezaugarri berak. Lurra punta batetik bestera zeharkatzean, bide batez uhinen erritmoa azkartu egiten zen, nukleoaren errotazioa azkarragoa zen heinean.

Moteltze aldera egin du

Jarraipena eman diote ikerketa horri, eta Lurraren barneko nukleoaren errotazioaren hamarkada anitzeko aldakuntza izeneko txostena argitaratu dute. Azken 30 urteotako astinaldien datuak gehitu dituzte; guztira, azken 60 urteotako 200enak biltzen ditu ikerketak. Eta kontrako emaitzak jaso dituzte. «Barneko nukleoaren [solidoa] errotazioa gelditu egin da oraindik orain», azaldu dute Pekingo ikerlariek. Izan ere, Lurraren barneko eta kanpoko errotazioak desberdinak dira, elkarren artean eragina badute ere. Lehen ikerketan, nukleoa azkarrago zebilen lurrazala baino, baina, orain, badirudi aurrea hartu diola azken horrek.

Ez da konstantea, beraz, Lurraren biraketa. Geruzen erritmoak eragina du hartan, baita beste hainbat faktoretan ere, nabari ezinak badira ere. Esate baterako, egunaren iraupenean —milisegundoen kontua da— eta Lurraren eremu magnetikoan.

Ikerketan diotenez, 2009-2011 inguruan gertatu zen aldaketa hori, nukleoa moteltzearena. Ez da gauza berria: 70eko hamarkadaren hasieran ere moteltze bat egon zen Yang eta Songen arabera, nukleoa azkartzen hasi aurretik. Hiruzpalau hamarkada iraun du azelerazioak. Hala, bi sismologoen arabera, 70 urte inguruko zikloa omen du nukleo solidoak, bizkortu eta moteldu artekoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ondarroako (Bizkaia) Kamiñazpi auzoan dagoen murala, Lian artistarena. ©Berria

Lian muralgilearen Ondarroako artelana, munduko hiru onenen artean

Paulo Ostolaza

Bozketa egin dute 2022an munduan egin diren ehun muralik onenen artean, eta hirugarren postua lortu du Kataluniako artistaren lanak. Kamiñazpi auzoan dago.

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...