Futbola

Osasunari eman diote Bartzelonaren kontrako partidaren garaipena

Epaileak ontzat jo du Osasunak eginiko eskaera. Klubak argudiatu zuen Bartzelonak zigortua behar lukeen jokalari bat zelairatu zuela abenduaren 10eko partidan, Kopako final-zortzirenetan. Bartzelonak helegitea jarriko du.

Osasunar eta Bartzelonaren arteko partida, abenduaren 10en, Sadarren. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urtarrilaren 24a
11:31
Entzun

Epaileak erdiz erdi irauli du markagailua, neurketa bukatu eta 55 egunera. Osasunaren eta Bartzelonaren arteko partida abenduaren 10ean jokatu zen, Sadarren, eta kanpokoek aise hartu zuten Osasuna mendean: 0-9 irabazi zuten. Kopako neurketa zen, eta, hala, Bartzelona zuzenean sailkatu zen final-laurdenetarako. Ordea, partida bukatutakoan, Osasunak salatu zuen Bartzelonak zigortua zegoen jokalari bat sartu zuela hamaikakoan: Geyse Ferreira. Jokalari horrek bere aurreko taldean jaso zuen zigorra –bi txartel hori jasotzeagatik–, Madrilen. Epaileak salaketa onartu du, eta, hala, Osasunari eman dio garaipena. Klubak atzo eman zuen erabakiaren berri, ofizialki:

Horiek horrela, Osasuna final-laurdenetarako sailkatua da oraingoz. Dena dela, Bartzelonak beste helegite bat aurkeztuko du datozen egunetan –hamar eguneko epea du horretarako–. Oraingoan, ezarritako zigorraren gainekoa izanen da helegitea: klubak Apelazio Batzordera joko du, txapelketatik kanporatu izanari kontra egiteko.

Osasunak zozketari itxaron beharko dio noren kontra arituko den argitzeko, baita Athleticek ere. Zuri-gorriek Madrili irabazita (0-1) lortu zuten txapelketan aurrera egitea.

Zozketa horretan izanen da Vila-real ere. Hain justu, Osasunaren antzera, Vila-realek ere auzitara jo ondotik erdietsi du txapelketan aurrera segitzeko aukera. Sevillaren kontra galdu zuen, 0-1. Ordea, Vila-realek salaketa jarri zuen, Sevillak Nagore Calderon zelairatu zuelako 60. minutuan; Calderon kanporatua izan zen Kopan jokatu zuen azken neurketan. Epaileak ontzat jo du salaketa. Beraz, Sevilla ere txapelketatik kanpo gelditu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.