Zinema

'Everything Everywhere All at Once'-k Oscarretarako 11 izendapen lortu ditu

'Im Westen nichts Neues' ekoizpen alemaniarrak bederatzi sari jasotzeko aukera du, tartean filmik onenarena eta nazioarteko filmik onenarena. 'The Banshees of Inisherin'-ek beste horrenbeste izendapen jaso ditu. Martxoaren 13an banatuko dituzte sariak, Los Angeleseko Dolby antzokian (AEB).

'Everything Everywhere All at Once' filma. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 24a
15:54
Entzun

Dan Kwan eta Daniel Scheinertek zuzendutako Everything Everywhere All at Once filmak eskuratu ditu Oscarretarako izendapen gehien: 11. Film onenaren eta zuzendari onenaren saria jasotzeko hautagaia da, eta beste bederatzi ataletan ere izendatu dute: aktore onena (Michelle Yeoh), taldeko gizonezko aktore onena (Ke Huy Quan), taldeko emakumezko aktore onena (Jamie Lee Curtis eta Stephanie Hsu), jatorrizko gidoi onena (Dan Kwan eta Daniel Scheinert), muntaketa onena (Paul Rogers), soinu banda onena (Son Lux), kantu onena (Ryan Lott, David Byrne, Mitski) eta jantziteria onena (Shirley Kurata).

Everything Everywhere All at Once ondo kokatuta zegoen aurretik ere, eta ez da ezusteko handia izan jaso duen izendapen mordoa. Bestelakoa da, ordea, Im Westen nichts Neues (Edward Berger) Alemaniako filmaren kasua. Erich Maria Remarqueren gerraren aurkako nobela klasikoaren egokitzapenak bederatzi izendapen jaso ditu, eta, nazioarteko film onenaren saria ez ezik, pelikula onenarena ere jasotzeko hautagaia izango da. Gidoi egokituaren, argazkiaren, soinu bandaren, ekoizpen diseinuaren, makillajearen, soinuaren eta ikusizko efektuen kategorietan ere izendatu dute Bergerren filma.

Izendapen gehien lortu duten hiru filmen artean dago The Banshees of Inisherin ere, Martin McDonaghek idatzi eta zuzendu duen komedia dramatikoa. Bederatzi eskuratu ditu, eta horietatik zazpi atal nagusietakoak dira. Film, zuzendari eta gidoi onenaren kategorietan dago izendatuta, eta interpretazioko lau sari ere jasotzeko aukera du. Colin Farrell aktorerik onenaren atalean izendatu dute; Brendan Gleeson eta Barry Keoghan, taldeko gizonezko aktorerik onenarenean; eta Kerry Condon, taldeko emakumezko aktorerik onenaren kategorian. Muntaketa eta soinu banda onenaren sariak ere irabaz ditzake The Banshees of Inisherin-ek.

Hiru horiez gain, honako hauek dira film onenaren saria eskuratu dezaketen lanak: Avatar: The Way of Water (James Cameron), Elvis (Baz Luhrmann), The Fabelmans (Steven Spielberg), TÁR (Todd Field), Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski), Triangle of Sadness (Ruben Ostlund) eta Women Talking (Sarah Polley).

Zuzendari onenaren sarirako izendatu dituzten bost zinemagileak filmik onenaren kategoriako hautagaiak ere badira: Martin McDonagh, Dan Kwan eta Daniel Scheinert, Steven Spielberg, Todd Field eta Ruben Ostlund. Horien artean Spielbergen izena nabarmentzen da berriro ere, zuzendaririk onenaren saria jasotzeko hautagai izendatzen duten bederatzigarren aldia baita aurtengoa —iaz West Side Story-rekin egon zen izendatuta—. Bitan jaso du garaikur preziatua: 1994an, Schindler's List-ekin, eta 1999an, Saving Private Ryan-ekin. The Fabelmans pelikula autobiografikoa du Spielbergek eta zuzendari onenaren Urrezko Globoa eman zion dramaren kategorian.

Nazioartetik Hollywoodera ></strong<>>

Azken urteetako joera bat sakondu du aurten Hollywoodeko akademiak, eta nazioarteko filmik onena jasotzeko hautagaia den film bat (Im Westen nichts Neues), kategoria nagusietan ere lehiatuko da. Orain dela hiru urte, mugarri bat jarri zuen Bong Jong-hoo korearraren Parasite-k, lehendabizi izendapena lortuta eta ondoren film onenaren saria eskuratuta. Iaz, berriz, Ryusuke Hamaguchi japoniarraren Drive My Car ere kategoria nagusien lehian sartu zen, nahiz eta azkenenean nazioarteko filmik onena besterik ez zuen irabazi.

Im Westen nichts Neues-ez gain, hauek dira nazioarteko filmik onenaren izendapena jaso duten pelikulak: Close (Lukas Dhont, Belgika), Argentina, 1985 (Santiago Mitre, Argentina), EO (Jerzy Skolimowski, Polonia) eta An Cailín Ciúin (Colm Bairead, Irlanda).

Interpretazio sariei dagokienez, emakumezko aktorerik onenaren saria irabazteko hautagaiak hauek dira: Cate Blanchett (TÁR), Ana de Armas (Blonde), Andrea Riseborough (To Leslie), Michelle Williams (The Fabelmans) eta Michelle Yeoh (Everything Everywhere All at Once).

Gizonezko aktorerik onenaren saria jasotzeko izendapena, berriz, Austin Butlerrek (Elvis), Colin Farrellek (The Banshees of Inisherin), Brendan Fraserrek (The Whale), Paul Mescalek (Aftersun) eta Bill Nighyk (Living) jaso dute.

Oscar sarien izendapenek beti uztartzen dituzte sortzaile beteranoak eta berriak, eta, lehenengoen artean, John Williamsen izena nabarmentzen da ezinbestean. Konpositoreak 90 urte ditu, eta inoiz Oscarra irabazteko hautagai izan den zaharrena da. Gainera, aurtengoarekin —The Fabelmans-engatik—, 53 aldiz izendatu dute saria jasotzeko, eta bost alditan irabazi du soinu banda onenaren saria, Fiddler on the Roof (1971), Jaws (1975), Star Wars (1977), E.T. (1982) eta Schlinder's List-i (1993) esker, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.