Polizia operazioa

Gizon bat atxilotu dute Espainian su gutunak bidali zituelakoan

Atxilotuak 74 urte ditu, eta funtzionarioa izan zen Gasteizko Udalean, Espainiako hedabideen arabera. Poliziak uste du bakarrik aritu zela; besteak beste, Moncloan eta Ukrainaren enbaxadan atzeman zituzten eskutitzak.

Espainiako poliziak eta guardia zibilak, iragan abenduaren 1ean, AEBen Madrilgo enbaxadan. FERNANDO VILLAR / EFE
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 25a
11:33
Entzun

Joan den azaro amaiera eta abendu hasiera artean, Espainian sei su eskutitz atzeman zituzten, arlo politikoko eta militarreko zenbait agintari eta eragilerentzakoak. Poliziaren lehen informazioek zioten Espainiatik bidali zituztela, eta, horren harira, gizonezko bat atxilotu dute gaur Miranda Ebron, su gutun horiek bidali zituelakoan.

Espainiako hedabideen arabera, atxilotua 74 urteko gizonezko bat da, Gasteizko Udalean funtzionario gisa lan egin zuena; kasuaren ikerlariek uste dute ustez bakarrik aritu zela, eta ez duela loturarik ezein alderdi politikorekin edo talderekin. Orain, Poliziaren aurrean deklaratu ostean, Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrean deklaratu beharko du, etzi.

Rafael Perez Espainiako Segurtasun Estatu idazkariak iragan abendu hasieran azaldu zuenez, su eskutitzak «etxean eginikoak» ziren, eta sugar bat eragiteko sistema pirotekniko bat zuten barruan, besteak beste, petardoz eta pirotekniaz osatua.

Espainiako Segurtasun Estatu idazkariak ez zuen afera lotu Errusiaren Ukrainako inbasioarekin. Gerora, gainera, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak EB Europako Batasuneko beste estatu kideei esan zien balitekeela eskutitzek Ukrainako gerrarekin zerikusia izatea; oraingoz, behintzat, inork ez du halakorik ziurtatu.

Eskutitz bana bidali zien Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Espainiako Defentsa Ministerioari, Ukrainak Madrilen duen enbaxadari, AEB Ameriketako Estatu Batuek Madrilen duten enbaxadari, Zaragozako Instalaza arma lantegiari eta Torrejon de Ardoz herriko aire baseari.

Afera horretaz, The New York Times egunkariak joan den igandean argitaraturikoaren arabera, AEBetako eta EBko funtzionarioek uste dute Errusiako talde supremazista zuri batek bidali zituela su gutunak, Kremlineko zerbitzu sekretuek hala aginduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.