Memoria

«Kaikuak janztea» frankismoaren kontrako «indarkeriarik gabeko errebeldiaren» adibidetzat jo du Artolazabalek

Ikastolen mugimendua omentzeko ekitaldi bat baliatu du Artolazabalek ETA eta frankismoaren aurka armak hartu zituztenen borroka deslegitimatzeko. Armak hartzea «saihestu» zitekeen, haren arabera.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, ikastolen mugimendua omentzeko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Aperribai.
2023ko urtarrilaren 25a
14:15
Entzun

Ikastolen mugimendua omentzeko ekitaldia behar zuena ETAren existentzia deslegitimatzeko baliatu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. «ETAren indarkeriaren sorrera, diktadura frankistaren aurkako erreakzio gisa, ez zen saihetsezina izan. ETA akats bat izan zen sortu zenetik, alde guztiei mina eta sufrimendua baino eragin ez diena».

Frankismoaren aurkako borroka kritikatu du Artolazabalek, «indarkeria» erabili zela eta: «Indarkeriarik gabeko errebeldia mota asko egon ziren: arropetan kolore gorria, berdea eta zuria konbinatzea; gorriz eta horiz inoiz ez janztea; kaikuak edo mendigoizaleak janztea; dantza taldeak edo mendi taldeak bultzatzea ideia demokratiko eta euskaltzaleen babesleku gisa; euskarazko musika kontzertuetara joatea...».

Gasteizko Olabide ikastolan egin ditu adierazpen horiek Artolazabalek. 1963an guraso talde bat euskarazko klaseak ematen hasi zen etxebizitza batean, eta hori izan zen egun Arabako ikastolarik handiena denaren ernamuina. Izaskun Arrue izan zen ikastolako lehen irakaslea, Elbira Zipitria ikastolen mugimenduaren aitzindariarekin trebatu ondotik, eta biak omendu dituzte gaur. «Elbira Zipitria eta Izaskun Arrueren pareko emakumeek lehentasunezko lekua merezi dute gure memoria historikoan . Haien ibilbideak erreferente gisa ezagutarazi behar ditugu beste belaunaldientzat. Haien izenak gure kale izendegietara, ekimen berrietara eta gure historia liburuetara eraman behar ditugu», esan du Artolazabalek.

Sailburuak mugimendu kontrajarri moduan aurkeztu ditu ikastolen mugimendua eta Frankismoaren aurkako borroka armatua. Eredugarritzat jo du lehenengoa: «Franco jeneralaren diktadura luzearen aurkako erresistentzia kultural eta sozialak urte zail haietan oso emankorrak izan ziren adierazpen baketsuez hornitzen jakin zuen». Aldiz, gaitzetsi egin du diktadura militarraren kontra armak hartuta borroka egin zutenen jokabidea: «Totalitarismoari aurre egiteko beste modu baketsu batzuk ere egon ziren, benetan baliagarriak eta etikaren ikuspegitik erabat onargarriak».

Ez da lehen aldia Artolazabalek ETArekin zerikusirik ez duen ekitaldi bat baliatzen duena horren kontra egiteko. 2021eko irailean, Memoriaren Ibilbidearen aurkezpenean, Unai Parot euskal presoa izan zuen hizpide. Horren harira, gaitzespena agertu zuten bertaratutako hainbat lagunek, eta, Elgoibar 1936 taldeko kideen arabera, batek baino gehiagok alde egin zuen ekitalditik. EAJk memoria ekitaldian zegoen «konfiantza markoa» hautsi zuela salatu zuen orduan Elgoibar 1936 taldeak, eta aurkezpen hori «mitin politiko» bihurtu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.