Eroskik 30.000 euro ordaindu beharko dizkio Cristina Cifuentesi

Madrilgo Auzitegiak murriztu egin du Datuen Babeserako Agentziak baimenik gabe bideo bat zabaltzeagtik ezarri zuen 150.000 euroko isuna.

Cristina Cifuentes, gaur, epaitegira bidean. JAVIER LIZON, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 26a
16:15
Entzun

Azkenean Eroskik 30.000 euroko isuna ordaindu beharko dio Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohi eta PPko kideari, 2018. urtean saltoki bateko segurtasun irudien bideo bat zabaldu zelako. Bideoa 2011koa da, eta Cecosa katearen saltoki bateko barrualde batean ageri da Cifuentes, poltsa batetik ordaindu gabeko krema batzuk ateratzen ari dela; ustez, horiek lapurtzeko asmoa zuen, eta segurtasun zaintzaileak atzeman zuen.

Cecosa garai horretan Eroskirena zenez, bideoa baimenik gabe zabaltzen uzteagatik, 150.000 euroko isuna jarri zion Eroskiri Espainiako Datuen Babeserako Agentziak, arau hauste larri bat delakoan. Madrilgo Auzitegi Probintzialak orain Cecosaren helegite bat hartu du aintzat, eta defentsa eskubidea urratu dela argudiatuz baliogabetu egin du zigor hori. Cifuentesen intimitaterako eskubidea urratu zelakoan, baina, 30.000 euroko isuna ezarri dio.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, 150.000 euroko isuna ezarri zuen auzian ez ziren bete zigor prozedura batean bete beharreko arauak. Eroskik dio, ordea, ez zuela bideo hori behar den bezala gorde, eta horrek Cifuentesi kalte egin diola argudiatu du. Bideoa zabaldu eta ordu batzuk geroago, Cifuentesek Madrilgo presidente kargua eta Madrilgo parlamentuko parlamentari kargua utzi zituen.

Bere eskaeran 450.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen Madrilgo presidente ohiak. Gaur ezagutarazi den epaian, ordea, ebatzi dute dimisio horiek ez zirela kasu honen ondorio soilik izan. Bideoa zabaldu baino hiru aste lehenago, graduondo titulu bat faltsutu zuela jakin zen.

Epaia Espainiako bi egunkaritan argitaratzea ere eskatzen zuen Cifuentesek, baina eskaera hori ere ez dute aintzat hartu, argudiatuta bideoa zabaltzea ez zela Eroskiren asmoa izan, «baizik eta beste norbaitek eta helburu politikoarekin» bultzatua izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.