Arte eszenikoak

Gezurrik gabeko lan eszenikoak, 29. dFeria jaialdian

Martxoaren 13tik 16ra, 28 konpainia arituko dira Donostian, eta 44 emanaldi egingo dituzte guztira. Dantza eta antzerki ikuskizunak dira gehienak, eta, aurten, zirkua ere izango da. Jaialdia «erreferente» bilakatu nahi dute Europan.

El Mono Habitado konpainiaren 'Lurtarrok' antzezlaneko pasarte bat. LA CAJA GRIS
Andoni Imaz.
2023ko urtarrilaren 27a
14:29
Entzun

Gezurraren aroan, «benetakotasuna» ekartzera dator 29. dFeria arte eszenikoen jaialdia, itxura batean agertokietan errealitatea faltsutu arren. Fake leloa jarri diote aurtengoari: «Teknologia berrien erabilera masiboa, buruko nahasmenak, desinformazioa... Teknologia berrien bidez, eta espiritu kritikoa apaldu denez gero, jendea manipulatzeko ahalmena gero eta handiagoa da, informazioa esponentzialki zabaltzea zeinen erraza den ikusirik», adierazi dute antolatzaileek. «Bistan da gaia puri-purian dagoela». Martxoaren 13tik 16ra egingo dute jaialdia, era askotako ikuskizunekin. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

28 konpainia, 28 ikuskizun eta 44 emanaldi izango dira denera, Donostiako hainbat antzoki eta aretotan. Hirutik bi, estreinaldiak: bat lehen aldiz erakutsiko dute erabat, beste bat lehen aldiz Europan, eta hamasei lehenengoz Euskal Herrian. 11 dantza ikuskizun programatu dituzte, eta hamar antzezlan; diziplinak nahasten dituzten lanak ere badira, eta, gainera, zirku ikuskizun bat antolatu dute, itxierarako.

Euskarazko bi emanaldi egingo dituzte. El Mono Habitado konpainiak Lurtarrok antzezlana emango du, martxoaren 13an, Intxaurrondo kultur etxean. Raul Cominok idatzi du testua, eta Fernando Perez arduratu da eszenografiaz. Led Shilouette dantza konpainiak Los perros ikuskizuna estreinatuko du Euskal Herrian, hilaren 15ean, Gazteszenan. Marcos Morau aritu da zuzendari artistiko eta koreografo. Denera, Euskal Herriko hamabi konpainiak parte hartuko dute jaialdian, eta atzerriko hamaseik.

Europara zabaltzea

Gaur goizean aurkeztu dute programazio osoa, eta ordezkari hauek parte hartu dute prentsaurrekoan: Norka Chiapusso jaialdiko zuzendariak, Jon Insausti Kultura zinegotziak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak.

Era askotako emanaldiak antolatu dituzte ikusleentzat, baina dFeria «topaketa» bat ere badela nabarmendu du Chiapussok. Profesionalentzako aurkezpenak, jardunaldiak, bilerak eta eskola magistralak antolatu dituzte, haien arteko sarea trinkotzeko asmoz.

Zuzendariak esan du jaialdiak urte askoan harreman estua egin duela Hego Amerikako eragileekin, bere luze-zabalean, eta beste «erronka» bati aurre egin nahi diotela orain: «Europako merkatuarekin lanean jardun nahi dugu». Bide horretan bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak ere, Atorrasagastik azaldu duenez: «Apustu berezia da, dFeriak badituelako ezaugarriak Europan erreferente bilakatzeko». Horretarako asmoz, diruz lagundu diote jaialdiari —20.000 euro gehiagorekin—, eta lanerako baliabideak eman dizkiote, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, besteak beste. Euskal Herriko konpainien ikusgaitasuna handitzea da haien helburuetako bat.

Dantza, txotxongiloak eta zirkua

Jaialdia hasi aurreko egunetan, emanaldi berezi batzuk egingo dituzte. Martxoaren 11n eta 12an, Belgikako Peeping Tom konpainiak Diptych: The Missing Door and the Lost Room dantza ikuskizuna emango du Viktoria Eugenia antzokian. «Goi mailako ikuskizun hiperrealista bat», Chiapussoren hitzetan. Inguratzen dituen espaziotik ihes egin ezinda dauden pertsonaia batzuei buruzko obra bat da, labirinto misteriotsu bateko ibiliak kontatzen dituena, zalantzazko giro batean.

Itxierako emanaldia, berriz, zirku ikuskizun bat izango da: aurtengo jaialdiaren berritasun handi bat. Alemaniako Chris Iris konpainiak egingo du: Iris Pelz eta Christopher Schlunk dantzariek sortu zuten, eta haiek dira zuzendariak eta aktoreak. Gap of 42 ikuskizunean, akrobazia eta komedia elkartuko dituzte, ezohiko irudien eta une absurdoen bidez.

Antolatzaileek nabarmendu duten ikuskizunetako bat da Celestina infernal, Espainiako Teatro Corsario konpainiarena. Helduentzako txotxongilo saio bat da, Celesinaren pertsonaiari buruzkoa, gizakien neurriko txotxongiloek antzeztua. Amodioa, indarkeria, heriotza eta umore beltza nahasi dituzte fantasiazko istorio batean, haien esanetan.

Gainontzean, Amaia Elizaran dantzariak Ihir obra taularatuko du estreinako aldiz, martxoaren 14an eta 15ean, Viktoria Eugeniako Clubean. Hura bakarrik ariko da dantzan, Liam O Maonlaik konposatutako musikak lagunduta.

Europako lehen emanaldia izango du La celda sin noche antzezlanak; Antz3rkiz konpainiarena da. Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren istorioa kontatzen du: 23 urte daramatza preso Istanbul hegoaldeko (Turkia) segurtasun goreneko kartzela batean. Hiru emanaldi egingo dituzte Viktoria Eugeniako Dantza aretoan, hilaren 12an, 13an eta 14an.

Euskal Herrian lehenengo aldiz erakutsiko dituzte, bestalde, Lali Ayguade konpainiaren Runa dantza ikuskizuna, Chey Juradoren eta Javito Marioaren Samsara —ongietorri ekitaldian egingo dute, Tabakaleran—, Arte y Desmayoren Hernani antzezlana, Morfeo Teatroren Strip-tease obra, Alberto Velascoren Sweet Dreams lana, Emanuel Rosaren eta Mara Focaraccioren How to _ just another boléro, Circle of Trust eta Logela konpainien Suirkrealismo, K Produccionesen El nadador de aguas abiertas antzezlana, Teatro de la Catrinaren La caja, La Ventana Magicaren Fresa y chocolate, 30 años después eta Burgos-New York Dantz emanaldia, hiru piezaz osatua (Continuum, The Conversation eta Raiz).

Emanaldi guztiei buruzko informazioa dute dFeria jaialdiaren webgunean. Sarrerak salgai daude jada; otsailaren 12ra arte, merkeago, gainera. Donostia Kulturaren webgunean eros daitezke, eta leihatiletan ere bai, Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.