Dantza

Dantzaren nazioarteko mapan

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. IñIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2023ko urtarrilaren 27a
14:56
Entzun

Noaingo Talluntxe industrialdean egiten dituzte Nafarroako dantza garaikidearen urratsik berrienak: B karrikako zazpigarren zenbakian dago Faktoria zentro koreografikoa. Egoitzako sarrera zapatez beteta dago eskola orduetan; 11 herritako 25 ikaslek osatzen dute zentroko bosgarren belaunaldia. Joan den irailean hasi zuten ikasturtea, eta ekainaren amaieran bukatuko dute.

“Aretoan sartzeko, zapatak kendu beharko dituzu”, ohartarazi dio Marta Coronadok argazkilariari. Coronado da Faktoria zentroko sortzaileetako bat. Carmen Larraz eta Laida Aldaz dantzari eta koreografoekin batera jarri zuen proiektua martxan, 2019. urtean.

Dantzaria, irakaslea eta koreografoa da Coronado ere (Iruñea, 1973). Dantza klasikoko ikasketak Iruñean egin zituen, baina Jose Lainez eta Concha Martinezen eskutik dantza garaikidearen esparruan murgildu eta gero —Lainezen eta Martinezen Jauzkari konpainiarekin egin zuen lan—, Bruselara egin zuen salto, 18 urterekin. Hiri horretako Parts eskolan aritu zen, bi urtez. “Bruselako Rosas konpainiako zuzendari Anne Teresa De Keersmaekerrek sortu zuen Parts eskola; bigarren urtea bukatu bezain laster, konpainian aritzeko kontratu bat eskaini zidaten”, oroitu du Coronadok.

“Gogorra” egin zitzaion Iruñetik Bruselara joateko urratsa, baina garbi zuen dantza garaikidearen arloan trebatzen segitzeko kanpora joan behar zuela. Nafarroan ez zuela inolako aukerarik. Hogei urte baino gehiago egin ditu Coronadok mundu osoko konpainiekin lanean, baina Faktoria proiektuaren bidez sorterrian errotu nahi du, orain, berriz ere. Berak izan ez zuen aukera eskaini nahi die Nafarroako dantzari gazteei; ez hori bakarrik: nazioarteko artistak herrialdera ekarri nahi dituzte proiektuaren sustatzaileek, Nafarroako dantzaren mapa astintzeko; hemengoa nazioartera zabaltzeko, eta nazioartekoa honat ekartzeko.

Larrazek, Coronadok eta Aldazek helburu horrekin erabaki zuten Faktoria sortzea. Larraz Dinamo Danza bere konpainiarekin ari da lanean orain, eta Coronadok eta Aldazek dute euren esku proiektuaren ardura.

Pedagogia

Dantza garaikideari bere ekarpena egin nahi dio Faktoriak. Proiektua, gainera, hiru lagunek elkarrekin sortzeko izan duten beharraren ondorio bada. “Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta bagenuen gogoa elkarlanean aritzeko”, azaldu du Coronadok.

Kontatu du Faktoriak hiru hanka nagusi dituela. Pedagogiaren arloa da bat. Bruselan eta Vienan egin izan dituzte ikasleak aukeratzeko saioak. “Madrilen ere egin nahi ditugu”. Ikasle nafarrak ere badituzte, baina Faktoriako kideen asmo nagusia da Noaingo egoitza, nolabait, nazioarteko artisten topagune izatea. Zentrotik pasatu diren ikasleek utzi dute euren arrastoa, eta hori da inportanteena, Coronadoren hitzetan: “Kanpoko jendea etorri da; nazioartean ari dira lanean, baina Iruñea dute egoitza nagusi. Hemengo jendea ere ari da hemen eta hemendik at dantzan. Horrek mugimendua eragiten du dantzaren esparruan”.

Coronadok berretsi du Nafarroan zegoen “hutsune” bat bete nahi izan dutela, baina nazioartean egiten denaren gaineko begirada galdu gabe. Uste du dantzaren panorama aldatu dela 2019tik, Faktoriari esker. Kontent da eragiteko gaitasuna izan dutelako, baina garbi erran du lana ez dela batere erraza izan. “Ia hiru urtez egon ginen kobratu gabe. Konpromiso bat hartu dugu, eta orain gure egoera hobea da, baina egunero egin behar dugu lan aurrera egiteko laguntzak lortzeko”.

Ikasleak ere kontent dira Faktoriaren arlo pedagogikoaren apustuarekin. Benedetta Leso 24 urteko italiarra da Noaingo zentroan ari diren 25 ikasleetako bat. Londresen aritu da azken urteotan, eta lagunen bidez Faktoriaren berri jaso eta gero etorri da Nafarroara. Bruselan egin zituen zentroan sartzeko probak. “Maite dut hemen egiten dugun lana, Europako dantza garaikidearen nolabaiteko ispilu bat badelako. Hamaika herritako jendea bada, eta elkarri eragiten diogu”, kontatu du ikasleak.

Marta Coronado dute ikasleek dantza garaikidea lantzeko irakasle. Coronadoren eskolak hasi baino lehen, gorputza berotzeko, Laura Armendarizekin egiten dute lan ikasleek, egunero. Dantza klasikoa baliatzen du Armendarizek lan hori egiteko. Alemanian egin ditu azken 11 urteak. Errioxan jaioa da (Espainia, 1994), baina Iruñea du orain etxe. “Pandemiarekin etxera itzuli nintzen. Faktoriara deitu nuen kaixo errateko, eta laguntzaile bat behar zutela erran zidaten. Baietz erantzun nien, noski. Hagitz kontent nago”. Armendarizek, gainera, Artelier izeneko dantza eskola jarri du martxan, Iruñeko Ega ibaia karrikan.

Egonaldiena da Faktoriaren proiektuari eusten dion bigarren hanka. Egonaldi horien bidez, zentroak artisten esku jarri nahi du sorkuntza prozesuak garatzeko espazio bat, eta, batez ere, hori egin ahal izateko baldintza egokiak eskaini nahi dizkiete. “Hau da, sortzeko espazioaz gain, bizitzeko toki bat eta diru laguntza bat ematen diegu”, azaldu du Laida Aldazek (Iruñea. 1980).

Bruselatik mintzatu da Aldaz Nafarroako Hitza-rekin. Nazioarteko zenbait konpainiarekin ari da lanean, eta bere proiektu propioak ere garatzen ditu. Horietako askok Iruñetik kanpo eramaten dute, baina gero eta denbora gehiago ematen du Iruñean. Faktoria ez da martxan jarri duen proiektu bakarra; Zinetika jaialdia ere sortu du, “film laburren bidez dantza garaikidearen aberastasuna ikus-entzuleen esku jartzeko”.

Era askotako egonaldiak ditu Faktoriak. “55 urte baino gehiagoko koreografoentzat, dantzari nafarrentzat, hirurogei urtetik goiko emakumeentzat,…”, aipatu du Aldazek. Erantsi du egonaldietan parte hartzen duten artisten eta ikasleen arteko harremana ere sustatzen duela Faktoriak, eta elkarlan horrek baduela isla dantzarien eta koreografoen lanetan.

Coronadok eta Aldazek ere segitzen dute euren sorkuntza prozesu propioak garatzen, euren lan propioak sortzen. Hori da Faktoriaren oinarrian dagoen hirugarren hanka, hain zuzen. Dantzari, koreografo eta irakasleak dira, eta arlo bakoitzak bertzeari eragiten dio. Lan horrek guztiak, dantzaren nazioarteko mapan kokatzen du Faktoria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.