PERU

Bozak aurten egiteko, Boluartek konstituzioa erreformatzea planteatuko du

Kongresuak  ez badu onartzen hauteskundeak aurten egitea, presidentearen lege proiektuetako baten helburua da urriko bigarren iganderako antolatzea.

Joan den urtarrilaren 26an Boluarteren aurka Liman egindako manifestazio bat. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 30a
11:26
Entzun

Hauteskundeak aurreratu eta aurten egitea ari dira exijitzen duela zenbait astetatik Perun protestan ari direnak. Joan den ostiralean horri buruz eztabaidatu zuten Kongresuan, baina ganberak baztertu egin zuen. Gaur berriro eztabaidatu dute, baina Kongresuaren gehiengoak erabaki du eztabaida atzeratzea. Dina Boluarte herrialdeko presidenteak adierazi du Kongresuaren esku dagoela erabaki hori hartzea, baina, jakinarazi duenez, diputatuak berriro aurka agertzen badira, gobernuak konstituzioa erreformatzeko bi lege proposamen aurkeztuko ditu ganberan «urgentziazko tramitazioa» erabiliz, helburu izango dutenak hauteskundeak 2023an egitea. Krisi politiko eta sozial betean dago herrialdea.

Telebista bidez plazaratutako mezu batean eman du Boluartek bere asmoen berri, gaur goizaldean —igande gaua Perun—. Gogoratu du indarkeriak herrialdea hartu duela azkeneko hilabetean, eta mobilizatuen asmoa dela «kaosa» eragitea eta perutarren artean «gorrotoa» hedatzea. Pedro Castillo aurreko presidentea atxilotua eta kargugabetua izan ondoren hasi ziren protestak, joan den abenduaren hasieran, eta orduz geroztik 65 pertsona hil dira mobilizazioetan; azkenekoa larunbatean, Lima hiriburuan. Manifestariek eskatzen dute Boluartek karguari uko egiteko, Kongresua desegiteko, eta prozesu konstituziogile batera deitzeko.

Planteatzekoak diren lege proposamenei dagokienez, Boluartek zehaztu du horietako baten helburua izango dela «hutsik egin gabe» aurtengo urriko bigarren iganderako deitzea hauteskundeetara. Beharrezkoa balitz, bigarren itzulia abenduan egingo lukete. Aintzat hartu behar da bozak 2024ko apirilera aurreratzeko lege proiektu bat onartu zuela Peruko Kongresuak abenduaren 20an. Berez, 2026ra arte goberna dezake Boluartek, orduan amaitzen baitzen Castillok 2021eko uztailean hasitako agintaldia. Baina presidenteak bere posizioa legitimatu nahi du. «Proposamen honek erantzuna ematen dio herrialdeko ordezkaritza politikoaren legitimitate demokratikoa hobetzeko dagoen ezinbesteko beharrari», argitu du. «Egoera horrek ahalbidetuko luke herritarrek instituzionalki bideratu ahal izatea beren eskaerak, ez indarkeriaren bidez».

Bigarren lege proiektuak, bestalde, asmo bat dauka: «Konstituzioaren erreformaren debatea trenkatzea». Izan ere, ezkerreko diputatuen eskaeretako bat da prozesu konstituziogile bat martxan jartzea. Manifestariek ere hori nahi dute, hain zuzen. Boluartek proposatuko du hurrengo hauteskundeen ondoren Kongresuak eskatzea Konstituzioaren Batzordeari 1993ko testua «guztiz» berritu dezala. Hori gauzatzeko bide orriaren arrasto batzuk ere eman ditu: «Peruko Konstituzio historikoa» kontuan hartuta egingo lukete prozesua, eta, ganberan testua onartua izan ondoren, erreferendum bat antolatuko lukete, «herriak onartzen duen ala ez erabaki dezan». Gaineratu du pertsona eta instituzio guztiek ekarpenak egin ahal izango lizkioketela testuari.

Arartekoaren eskaera

Boluartek mezu hori plazaratu baino ordu batzuk lehenago, ohar bat kaleratu zuen Peruko Arartekoak, eta eskatu die gobernuari eta Kongresuari aldatu dezatela herrialdeak azkeneko asteetan hartu duen «norabide tragikoa». Gainera, «jendea hiltzen uztea» egotzi die. Arartekoaren arabera, gobernuak eta Kongresuak hori eragozteko gaitasuna dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.