Politika

Istilutsua gertatu da Ondarroako kudeaketa batzordearen lehen bilera

Herritarrei ez dietela udaletxera sartzen utzi salatu du maiatzaren 27ko hauteskundeetan bozkatuena izan zen EAE-ANVk. Kudeaketa batzordearen buruzagi jeltzaleak, berriz, ezker abertzaleko kideek batzarra eten dutela kritikatu du.

2007ko abuztuaren 10a
11:24
Entzun
Ondarroako (Bizkaia) udala kudeatzeko batzordeak giro liskartsuan egin du lehendabiziko bilera: herritarrei udaletxera sartzea galarazi dietela salatu du hauteskundeetan irabazle izan zen EAE-ANVk, eta ezker abertzaleko kideek oihuka aurreneko bilera hori eten izana kritikatu du kudeaketa batzordearen buru den Felix Aranbarri jeltzaleak.

Maiatzaren 27ko hauteskundeetan boto baliogabea izan zen nagusi Ondoarroan, hain justu, Espainiako auzitegiek EAE-ANVren zerrenda baliogabetu egin zutelako. Beren ordezkaritza errespetatuz egoera hori konpontzeko eskatzen dute ordutik ezker abertzalekoek.

Beste alderdietako hautetsiek ez zituzten karguak hartu, eta beraz, ez zen udala eratu. Baina horren, ordez, kudeaketa batzordea eratu zuten Felix Aranbarri jeltzalea buru dela, eta EAJko beste zenbait buruzagi eta kide ezagun (Josune Ariztondo eta Esther Solabarrieta, kasu) partaide direla. Ezker abertzaleak ez dio zilegitasunik aitortzen kudeketa batzorde horri, funtsean, kanpoan uzten dituelako.

Hain zuzen ere, goizeko zortzietan hasi du lehendabiziko bilera Ondarroako kudeaketa batzordeak, EAE-ANVk salatu duenez, "bizilagunei jakinarazi eta udaleko taulan iragarri gabe". Hala ere, horren berri izan dutenean, ezker abertzalearen ehunka jarraitzaile batu dira udaletxe atarian, batzarrean parte hartzeko asmoz. Udaltzainek jakinarazi diete, ordea, 30 lagunek soilik zutela sartzeko baimena, komunikabideak barne zirela. Erabaki horrekin haserretu egin dira udaletxe aurrean batutako herritarrak. EAE-ANVko zerrendaburu Unai Urruzunok, esaterako, ezin izan du sartu, eta guztira lauzpabost herritar baino ez direla sartu salatu du.

Kanpoan hori gertatzen zen bitartean barruan hasi egiten dute batzarra, eta lasterrera, aretora sartzea lortu duten ezker abertzaleko lauzpabost jarraitzaileak oihuka hasi dira kudeaketa batzordearen kontra. Hori dela eta, saioa bertan behera utzi eta bere bulegoan, ateak itxita, egitea erabaki du Aranbarri kudeaketa batzordearen buruak.

Kanpoan protestan jarraitu dute ezker abertzalearen jarraitzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.