Albistea entzun

Kulturgintza

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten.
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. AZKUNA ZENTROA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2023ko urtarrilak 31 09:10

«Errekor urtea izan da 2022a: markak hautsi ditugu kuantitatiboki eta kualitatiboki». Pozik agertu da Fernando Perez Bilboko Azkuna zentroko zuzendaria gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Aretoak azken urtean izan duen hazkundea nabarmendu du: 2019ko bisitari kopurua berreskuratu dute. Aurten ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du zuzendariak, eta, horretarako, 200 jardueratik gora eta zortzi erakusketa programatu ditu zentroak 2023rako.

Erakusketa Aretoan egingo dituzte erakusketa horietako bi. Lehenengoa Somewhere From Here to Heaven izango da, eta apirilaren 16ra arte egongo da ikusgai. Bruce Baillie zinemagilearen ibilbidean oinarritutako ikus-entzunezko erakusketa bat da, eta haren lana testuinguruan jartzeko baliabideak ematen ditu. Ekainean, berriz, Decrecer aurkeztuko dute. Bene Bergado eskultorearen erakusketa proiektu bat izango da, eta Juan Luis Moraza arituko da komisario lanetan. Egungo gizartean erregai fosilek eragindako ekoizpenaren eta kontsumoaren hazkunde mugagabea kontuan harturik, kantitate horiek murriztu beharraz dihardu erakusketak.

Haren ondotik erakutsiko dute, besteak beste, The Artwork As a Living System (1992-2022). Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artisten atzera begirakoa izango da. Mediateka Galeriak, berriz, Zientzia frikzioa erakusketa hartuko du, Maria Ptqk-k komisario duela.

Halaber, aurtengo proiektuen artean egongo dira, beste behin, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia –martxoaren 28tik apirilaren 1era–, eta Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa, maiatzaren 30etik aurrera. Era berean, Azkuna zentroak nazioarteko bi sinposio ere antolatu ditu: Uhina gogoan proiektua eta Komisariotzaren Nazioarteko Sinposioa erakusketaren entsegua.

Arte eszenikoei dagokienez, indar handia hartuko dute aurtengo programazioan. EszenAZ arte eszenikoen denboraldia martxoan abiatuko da, eta hamabi ikuskizun erakutsiko dituzte jaialdian. Bestalde, zinemaren zentroa ere bada Azkuna zentroa. Urtero legez, Zinemaldiko filmetako batzuk proiektatuko dira zentroan, eta esperimentazioa izango da ardatz nagusia.

Guztira, 100 artistak eta sortzailek baino gehiagok osatuko dute Azkuna zentroko komunitate artistikoa.

Nazioartera begira

Aurtengo programazioarekin batera, apustu sendo bat egingo du Azkuna zentroak: nazioartera egingo du jauzi. Horretarako, Europako zenbait proiekturekin sareak ehuntzen ari dira jada: arte eszenikoen ekoizpenaren inguruko ACuTe Culture Testbeds for Performing Art and New Techology proiekturen lau egoitza kudeatuko ditu Azkuna zentroak. Eta, aldi berean, Anberes, Bordele, Oporto eta Rotterdamekin sinergia berriak sortzeko, Harbours for Arts & Culture proiektua jarri dute abian.

Publiko berria

Joan den urteari dagokionez, balantzea positiboa izan da: bi milioi bisitari baino gehiago izan ditu zentroak guztira. Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa erakusketarik ikusi da gehien; 27.000 bisitari izan ditu. Horrez gainera, ikusleria berria erakartzea ere lortu du aretoak, formatu berriei esker. Besteak beste, arrakastatsuak izan dira zentroaren online programazioa eta AZ Irratiko podcastak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...