POLITIKA

'Mozal legea' aldatzeko txostenak aurrera egin du, ERCk bide emanda

Espainiako Kongresuko Barne Batzordean eztabaidatuko dute gaiaz, baina orain arteko testuak aurrera egin du desadostasunak dauden lau puntuetan ados jarri gabe.

'Mozal legearen' aurkako protesta bat Gasteizen, iazko otsailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2023ko otsailaren 1a
13:34
Entzun

Espainiako Kongresuan gaur zuen bilera Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko lantaldeak, eta batzarrean onartu egin dute bide ematea erreforma hori zehazten duen txostenari. Ezezkoan zeudenen artean ERC zegoen, eta, azkenean, talde katalan horren boto aldaketak ahalbidetu du txostenak aurrera egitea. Orain, Barne Batzordera helduko da gaia, eta asmoa da otsailean eramatea osoko bilkurara.

Aldeko hemeretzi boto jaso ditu dokumentuak: PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta ERCrenak. Kontrakoak, berriz, hamazazpi: EH Bildu, PP, Vox, Ciudadanos eta Juntsenak.

Aurrera egin bai, baina orain arteko desadostasunak konpondu gabe onetsi dute txostena. Lau arlotan daude gobernua eta hura babestu ohi duten taldeak ados jarri ezinik: manifestariak sakabanatzeko materialaren erabileran; agintearen aurkako desobedientzian eta errespetuaren urraketan; eta mugetako kudeaketan eta migratzaileak mugan bertan kanporatzean.

Mikel Legarda EAJko diputatu eta lege proposamenaren egilearen esanetan, pauso «garrantzitsua» eman dute gaur, testuak aurrera egingo ez balu erreforma bertan behera geratuko litzatekeelako: «Prozesuan aurrera egiteko, hurrengo urratsa egiteko eta batzordera eramateko unea zen. Hauteskunde urte batean sartuko gara, eta gai honekin ezin gara hauteskundeetara iritsi; egiaren ordua da, erabakitzeko momentua».

EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk nabarmendu du gatazka dagoen atal horietan ez dagoela adostasunik eta orain gaia batzordera eramateak ez duela «funtsaz ezer» esaten: «Testua dagoen bezala mantenduz gero, Mozal Lege light bat izaten jarraituko luke, eta EH Bilduk ez du babestuko». Iñarrituk uste du PSOEk Mozal Legearen zenbait punturi eutsi nahi diela, «segurtasun indarrek interpretazio maila zabala» izan dezaten: «Objektibotasuna eskatzen dugu, artikulu horiek ez daitezen erabili nahieran, arrazoirik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.