Osakidetza

Osakidetzako LEPen kudeaketa «negargarria» salatu du SATSEk

Protesta egin dute Gurutzetako ospitalean. Sindikatuak adierazi du «ezinegona» dela nagusi langileen artean.

SATSEk deitutako protesta, gaur. @SATSE_EUSKADI
2023ko otsailaren 1a
16:18
Entzun

SATSE sindikatuak deituta, Gurutzetako ospitalearen (Bizkaia) sarreran protesta egin dute erizainek eta fisioterapeutek, Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoko prozesuen kudeaketa «negargarriaren» kontra. SATSEko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Amaia Mayorrek adierazi du «nazkatuta» daudela Osakidetzaren erabakiez, eta gehitu du «ezinegona» eta erabakiekiko desadostasuna direla nagusi langileen artean.

Mayorrek azaldu duenez, Osakidetzak beste azterketa bat egitera behartu nahi ditu langileak, 2018-2019ko lan eskaintza publikoko emaitzen berri eman gabe. Izan ere, SATSEko idazkari nagusiak adierazi du ia mila langilek saihestu lezaketela azterketa azken lan eskaintza publikoa ebatziz gero. «Oraindik ebatzi gabe dago, eta ez dakigu plazarik badugun ala ez», azaldu du sindikatuak.

SATSEk salatu duenez, egoera horrek Osakidetzako langile gisa dituzten eskubideen eta haien bizitza pertsonalen «haustura» eragingo luke, azterketarako ikasi beharreko gai zerrendan azken urtean egindako aldaketak kontuan hartuta.

Sindikatuaren kritikak, ordea, haratago doaz. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi zuen LEP prozesua hitzartuta zegoela, baina adierazpen horien aurka egin du SATSEk. Langileekin «inposizio» bidez komunikatzea leporatu dio Osakidetzari, argudiatuta ez dutela inolako negoziazio prozesurik izan: «Ez da demokratikoa». Kontrara, sindikatuak adierazi du LEP prozesua aldebakarrez zehaztu duela Osakidetzak, eta sindikatuak ez duela parte hartu: «Ez dugu egin, batez ere, Osakidetzak ez digulako prozesuan parte hartzen utzi».

Sindikatuak 2017ko ekainean sinatu zuen enplegu akordio bat Osakidetzarekin, besteak beste bi LEP prozesu garatzeko. Helburua enplegua egonkortzea zela azaldu du sindikatuak, baina salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez duela urratsik egin legeak behartu duen arte: «Tamalgarria da». Halere, beste LEP bat eginda legea beteko ote duten zalantzan jarri dute; hau da, behin-behinekotasuna %8tik behera murriztuko ote den.

SATSE sindikatuak joan den ostiralean egin zuen egoera salatzeko lehen protesta, eta aste honetan jarraitu du haiekin. Gurutzetako ospitalean egindakoa izan da azkena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.