Albistea entzun

Ikerketa

Euskarazko tesiak saritu dituzte EHUk eta Euskaltzaindiak

VIII. Koldo Mitxelena saria jaso dute Iñigo Arrazolak, Eneko Iradierrek, Manu Araolazak, Maitane Basasorok eta Beñat Garaiok.

Bost saridunak, EHUko eta Euskaltzaindiko arduradunekin, gaur, Bilbon.
Bost saridunak, EHUko eta Euskaltzaindiko arduradunekin, gaur, Bilbon. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2023ko otsailak 1

VIII. Koldo Mitxelena sariak eman dizkiete gaur euskarazko tesirik onenen egileei Bilbon. 2020 eta 2022 artean, 86 tesi egin ziren euskaraz, eta 44 aurkeztu zituzten EHUk eta Euskaltzaindiak antolatutako sariketara. Bost sari eman dituzte, ezagutza arloen arabera: Iñigo Arrazolak jaso du Zientzien arlokoa; Eneko Iradierrek Ingeniaritza eta Arkitekturakoa; Manu Araolazak Osasun Zientzietakoa; Maitane Basasorok Gizarte eta Lege eremukoa; eta Beñat Garaiok Arte eta Giza Zientzietakoa.

Ikusi gehiago: Beñat Garaio Mendizabal, doktorea: «Ikasleen artean, euskararekiko jarrerak oso onak dira»

Saridunei esker ona adierazi die Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Zientifikotasunetik egindako esfortzua ez ezik, zuen konpromisoa ere azpimarratu behar da, euskara aukeratu duzuelako». Gogora ekarri du garai batean esaten zela euskaraz ezin zela zientziarik egin, eta orain bestelakoa dela errealitatea: «Hizkuntza ardatz inportantea da ezagutzaren transmisioan».

Ildo berean mintzatu da Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea: «Lehen arrotz zituen esparruetara zabaldu da gure hizkuntza». Euskara erabilera esparru «aurreratuetara» iritsi izana txalotu du: «Aurreratu hitza erabiltzen dugu, ez garrantzitsuagoak direlako, baizik eta esparru horietan hizkuntzak baliabide aberats eta konplexuagoak erabili behar dituelako». Nabarmendu du, gainera, euskarazko doktorego tesien %80tik gora EHUn egin direla: «Euskarazko ikerketa osasuntsu dago EHUn. Zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da; are gehiago, zientzia euskaraz egiten da».

Hauek dira saritutako ikasleak eta tesiak:

- Iñigo Arrazola Maiztegi, Zientzien arloan: Argi-materia elkarrekintzen diseinua teknologia kuantikoetarako.

- Eneko Iradier Gil, Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan: Potentzia domeinuko NOMA 5G sareetarako eta haratago.

- Manu Arazolaza Lasa, Osasun Zientzien arloan: Morfinak DNAren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz.

- Maitane Basasoro Ziganda, Gizarte eta Lege Zientzien arloan: Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua.

- Beñat Garaio Mendizabal, Artearen eta Giza Zientzien arloan: Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sorionekuak egitasmoaren agerraldia, Iruñeko Basotxo kalean. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Eskura nahi dute euskara

Ion Orzaiz

Iruñea hartzera deitu du Sorionekuak egitasmoak, «euskararen etorkizunari ongietorria egiteko»
Koldo Tellitu, atzo, Hernaniko Oronan egin zioten agur ekitaldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ikastolei agur esan die Tellituk

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hamalau urteren ondoren, Ikastolen Elkarteko lehendakari postua utzi du Koldo Tellituk. Ikastolak bateratu izanari garrantzia eman dio, eta mugimenduari eskerrak eman dizkio
Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, atzo. ©GUILLAUME FAUVEAU

Maurizia: «Kanporatzen bagaituzte, okupazio dinamika bat hasiko dugu»

Ekhi Erremundegi Beloki

Baionako Santa Ursula kalean eraikin bat dute okupatua Maurizia proiektuko kideek, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.