Eraso homofobo bat salatu dute Barakaldon
Barakaldoko Udalak jakinarazi du asteburuan izan zela erasoa. Elkarretaratze bat egingo dute bihar.

Barakaldoko Udalak (Bizkaia) salatu duenez, asteburuan eraso homofobo bat izan zen herrian. Udal Batzarrak erasoa gaitzetsi du, eta babesa adierazi dio biktimari. Azaldu dutenez, erasoen aurkako mahaia ere bildu da gaur, eta gertatutakoa salatzeko elkarretaratze batera deitu dute biharko: 18:00etan, Herriko plazan.
Barakaldoko Udalak adierazi du indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa larri bat» dela, eta «emakumeen eta LGTBIQ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta integritate fisiko eta moralaren kontra» egiten duela. Hala, indarkeria mota horren aurka lan egiteko konpromisoa adierazi du, besteak beste, berdintasunaren aldeko politika publikoen bidez. Era berean, jakinarazi du udalaren baliabideak biktimaren esku jarriko dituztela.
Udal taldeek herritarrei ere dei egin diete, biharko deitu duten mobilizazioan parte hartu dezaten. «Herritarrak animatzen ditugu indarkeria matxistaren aurka aktiboki parte hartzera, denen artean indarkeria matxistarik gabeko udalerri bat eraiki dezagun Barakaldon».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.