Energia krisia

Bruselak estatu laguntzen araudia leunduko du, AEBei eta Txinari aurre egiteko

Energia trantsizioarekin loturiko egitasmoak «bizkortu» nahi ditu Batzordeak. Egun indarrean dauden funtsekin finantzatu nahi ditu laguntza publikoak.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, atzo Bruselan egindako agerraldian. STEPHANIE LECOCQ  (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 1a
19:16
Entzun

Europak ez du trantsizio energetikoaren lasterketa galdu nahi. Argi du zerbait egin behar duela energia berriztagarrietako eta horrekin loturiko beste alor batzuetako bere enpresak atzean gera ez daitezen, edo baldintza hobeak eskaintzen dizkieten beste herrialde batzuetara joan ez daitezen. Europako Batzordeak AEBek eta Txinak iragarri dituzten inbertsio handiei erantzun nahi die, eta horretarako plan bat prestatu du.

Bere proposamen nagusia estatu laguntzetarako araudia malgutzea da, diru publikoa «errazago eta bizkorrago» erabil ahal izateko klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egiten duten proiektuetan. AEBek han egingo diren makinak eta osagaiak lehenesteko iragarri dituzten diru laguntzek kezka handia sortu dute Bruselan, eta Batzordeak bere plan propioa egitera behartuta ikusi du bere burua. Asteazken honetan aurkeztu ditu gakoak, eta Batasuneko gobernuburuek hurrengo ostegunean eztabaidatuko dituzte. Asmoa da uda baino lehen martxan jartzea, baina akordioa ez da erraza izango.

AEBek bezala, estatu laguntzen bidetik jo du Bruselak. EBk, baina, araudi zorrotza du, laguntza horiek herrialdeen eta enpresen arteko lehia libreari kalte egiten diotelakoan. Hori momentu honetan oztopo bat dela uste du Batzordeak, eta prest agertu da salbuespen bat egiteko. «Europako lehiakortasuna ezin da estatuko laguntzetan oinarritu. Baina laguntzak beharrezkoak izan daitezke gure helburua lortzeko», adierazi du Margrethe Vestager Lehiaren komisarioak.

Ez litzateke Bruselak estatu laguntzen araudia leuntzen duen lehenengo aldia izango. Hala egin zuen Ukrainako gerra hasi zenean. Energiaren prezioen igoerari aurre egiteko diru laguntza publiko handiak baimendu zituen, eta horretaz baliatu dira gihar ekonomiko handiena duten estatuak beren enpresa energetikoak babesteko, Alemania eta Frantzia bereziki. Salbuespen hori urte amaieran amaituko da, eta Batzordearen asmoa litzateke epe hori gutxienez 2025era arte luzatzea, plan berriari bide emateko.

Finantzaketa, gakoa

Europako Batasunean eztabaida handien iturri izaten da estatu laguntzen gaia, gobernu guztiek ez dutelako gaitasun bera beren enpresak laguntzeko eta horrek desorekak sor ditzakeelako herrialdeen artean. Hori saihesteko, COVID-19aren pandemiarekin EBk Next Generation funtsa sortu zuen, eta orain antzera jokatu nahi du Batzordeak. «Europako merkatu bakarren zatiketa saihestu nahi dugu», adierazi du Ursula von der Leyen presidenteak.

Hala, proposatu du estatuek beren baliabide propioak erabili beharrean Europako Batasunak dagoeneko onartu dituen funtsetakoak egokitzea eta erabiltzea, horien bidez zerga salbuespenak eta «beste laguntza mota batzuk» finantzatu ditzaten. Bereziki RepowerEU trantsizio energetikoaren plan estrategikokoak erabili nahi ditu Batzordeak —guztira 225.000 milioi euro mailegutan— .

Diru kopuru hori, baina, motz geratuko litzateke AEBek eta Txinak iragarri dituzten laguntzen aurrean. «Daukagunarekin lan egin behar dugu», nabarmendu du Von der Leyenek, baina ez du baztertu «epe ertainean» beste funts bat sortzea. Hala ere, Batzordearen proposamenak ez du argi zehazten funts hori nola finantzatuko litzatekeen, eta egitasmoan EBko aurrekontuen bitartez egitea iradokitzen den arren, Alemaniak eta beste herrialde batzuek dagoeneko ohartarazi dute ez dutela halakorik babestuko.

Lehengai kritikoak

Eta zertan erabiliko da diru hori? Komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean, Von der Leyenek sei inbertsio eremu zehaztu ditu: bateriak, eguzki panelak, turbina eolikoak, bero ponpak, karbonoa biltegiratzeko teknologiak, eta ekipo horiek ekoizteko beharrezkoak diren lehengai kritikoen merkatua.

Planak, halaber, 2030era begirako produkzio helburuak finkatu nahi ditu, eta arauak sinplifikatu nahi ditu, gobernuek baimenak azkarrago emateko. Horrez gain, teknologia jakin batzuetarako Europako estandarrak garatu nahi ditu, bertan ekoiztutakoak babesteko, lehiakorragoak izateko eta kanpokoak baldintzatzeko. «Gure zero emisio industria sortzeko eta babesteko esparru egokia izan behar dugu, azkarragoa, sinpleagoa eta aurreikusteko modukoa», esan du Von der Leyenek.

Teknologia horiek ekoizteko lehengaietan ere arreta berezia jarri du Batzordeak. Hirugarren herrialdeekiko mendekotasuna gutxitu nahi du, batez ere Txinarekiko. Hornidura kateetan egon daitezkeen arazoak saihesteko, merkatu hori dibertsifikatu nahi du, merkataritza akordio berriak sinatuz edo dituenak berretsiz, besteak beste, Australiarekin, Zeelanda Berriarekin, Indiarekin, Indonesiarekin, Txilerekin eta Mexikorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.