Gerra Ukrainan
Hiru pertsona hil dira etxebizitza eraikin baten aurkako bonbardaketan Ukrainan
Kievek ohartarazi du Errusiak «erasoaldi handi bat» hasteko asmoa duela gerra hasieraren urteurrenean. Europako Batzordeko presidentearen bisita baliatuta, Zelenskik zigor gehiago eskatu ditu Moskuren aurka.

Kievek salatu duenez, Errusiak jaurtitako misil batek etxebizitza eraikin baten aurka jo du gaur goizean eta gutxienez hiru pertsona hil eta beste hogei zauritu dira leherketan. Bonbardaketak lau eraikini eragin dizkie kalteak, eta ez dute baztertzen hondakin artean biktima gehiago egotea. Kramatorsken izan da erasoa, Europako Batasuneko ordezkaritza bat Kievera heldu den egun berean. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik gertakaria baliatu du Errusiaren aurkako zigor gehiago eskatzeko eta salatu halako erasoak «eguneroko errealitatea» direla herrialdean.
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen da Bruselatik Kievera joandako ordezkarietako bat. Ukrainari elkartasuna adieraztea da bidaiaren helburu nagusia, baina baita EBn sartzeko prozesuaz hitz egitea ere —Ukrainak bi urteko epean bilakatu nahiko luke estatu kide—. Baina Bruselak adierazi du prozesua ez dela «esprint bat» izango, baizik eta «maratoi bat». Arma gehiagoren bidalketa eta diru laguntzak izango dituzte hizpide bi aldeek datozen orduetan. EBk jada 50.000 milioi euro jarri ditu Ukrainari laguntzeko.
Dear @ZelenskyyUa, while Ukrainians are fighting to defend our common values, we support your economic security.
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) February 2, 2023
To date, our EU support amounts to €50 billion.
We are with you on this for the long haul. https://t.co/tA0cpqjkJG
Bestalde, Zelenskik ohartarazi du Errusia «erasoaldi handi bat» prestatzen ari dela gerra hasieraren urteurrenerako, otsailaren 24rako. Haren esanetan, borrokak gogortu egin dira ekialdeko frontean, Bakhmut hirian eta haren inguruetan zehazki, Donetsk eskualdean. Polizia iturrien arabera, 5.990 zibil daude oraindik hiri hartan, tartean 200 adingabe inguru —gerra hasi aurretik, 70.000 pertsona bizi ziren han—. Bakhmutek bost hilabete daramatza bonbapean, eta, tarte horretan, azpiegitura ia guztiak suntsitu dituzte. Errusiak hura eskuratuko balu, modua izango luke Ukrainak hornigaiak garraiatzeko erabiltzen duen bide nagusia mozteko, eta Kramatorsk eta Sloviansk hirietara iristeko.
Ukrainako ekonomia, hondoratuta
Denis Shmigal lehen ministroak nabarmendu du iazko otsailean hasitako gerrak hondoratu egin duela Ukrainako ekonomia. Haren esanetan, gerrak %26ko inflazioa eragin du, baita %30eko galerak ere. «Enpresa asko erabat suntsituta geratu dira: besteak beste, Azovstal altzairutegia. Baina lanean jarraitzen duten enpresek armadari lagundu nahi izan diote euren zergen bitartez», esan du Shmigalek. Bide beretik, ohartarazi du 600.000 eta 750.000 milioi euro artean beharko direla gerrak eragindako kalteak konpontzeko, baina zehaztu gastuak ezin duela «europarren edo estatubatuarren bizkar geratu», eta «erasotzaileari» dagokiola horiek ordaintzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.