Migratzaileak
Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu
Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Italiako kostazainek noraezean topatu dute itsasontzia, Lampedusako kostaldetik gertu. 50 pertsona zihoazen barruan, eta 42 erreskatatu dituzte bizirik; beste zortzi hilik topatu dituzte. Ontzian zihoazenen arabera, hotzez hil dira. Lekukoen esanetan, hildakoetako batek, hilzorian zela, uretara bota zuen lau hilabeteko bere haurra; gizon batek itsasora jauzi egin zuen hura erreskatatzeko asmoz, baina biak ito ziren. Desagertutzat eman dituzte.
Bizirik erreskatatu dituztenak Lampedusara eraman dituzte, Contrada Imbriacolako migratzaileentzako gunera. Han azaldu dute joan den larunbatean irten zirela Tunisiako Sfax portutik. Agrigentoko fiskaltzak ikerketa bat zabaldu du ontzian zihoazenen aurka, «legez kanpoko migrazioagatik» eta heriotzagatik. Datozen orduetan igaroko dira epailearen aurretik.
Tunisiako arrantzontzi batek eman zuen lehen abisua, atzo goizean. Maltako uretan zegoen une hartan migratzaileen ontzia, baina herrialde hark arratsaldean eman egin zuen laguntza eskaria, eta orduan irten ziren Italiako kostazainak erreskate lanetara. Ordu batzuk lehenago, beste bi ontzitan zihoazen 75 pertsona erreskatatu zituzten.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.