Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian.
Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. MARTIN DIVISEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko otsailak 3

Aste hasieran, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek baztertu egin zuen gerrako hegazkinak Ukrainara bidaltzeko aukera, Mendebaldeak Ukrainako armadari tankeak ematea adostu ondoren; AEBek 31 Abrams entregatu dizkiote Kievi, eta Alemaniak, berriz, hamalau Leopard 2. Bada, hegazkinen ordez, Berlinek tanke gehiago bidaliko ditu gerra frontera; oraingo honetan, Leopard 1 tankeak. Hala baieztatu du gaur herrialde horretako eledun Steffen Hebestreitek, Süddeutsche Zeitung egunkariak albistea aurreratu ondotik.

Berlinek Kievera bidaliko dituen Leopard 1 tankeak fabrikatzaileen egoitzetan daude; besteak beste, Rheinmetallen eta Flensburger Fahrzeugbau Gesellschaften, eta, Alemaniako bozeramailearen esanetan, tanke horiek «egokitu» eta «berrikusi» egin behar dituzte Ukrainara eraman aurretik. Tankeak entregatzeko prest noiz egongo diren itaunduta, Alemaniako armadaren bozeramaile batek esan du ekoizleek erantzun behar diotela galdera horri.

Süddeutsche Zeitung-ek jakinarazi zuenez, Alemaniako Gobernuak Rheinmetall arma ekoizlearen asmoak onartu zituen, Leopard modelo zaharrenetatik 88 tanke Ukrainari saltzeko, ehun milioi euro baino gehiagoko kostuarekin. Halaber, kazeta horren arabera, «arazoak» dituzte Leopard 1 tankeari dagozkion 105 milimetroko munizioak lortzeko.

Tankeekin lotuta, bestalde, Norvegiak gaur baieztatu du 54 Leopard 2 erosiko dizkiola Alemaniari, gerora beste hemezortzi gehiago erosteko asmoarekin, Jonas Gahr Store lehen ministroak iragarri duenez.

Bien bitartean, EB Europako Batasuneko zenbait goi kargudun goi bilera egiten ari dira Kieven, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batera. Batzar horretan daude, besteak beste, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Europar Kontseiluko buru Charles Michel eta talde komunitarioko beste hamabost komisario.

AEBetako Associated Press berri agentziaren arabera, gisa horretako goi bilera 2021eko urrian egin zuten Kieven azkenekoz, Errusiak Ukraina inbaditu baino hilabete batzuk lehenago. Ordutik, EBk 50.000 milioi euroko laguntza eman dio, eta datozen asteetan Errusiaren aurkako hamargarren zigor sorta onartzeko asmoa du.

Bada, klubeko diplomaziaburu Josep Borrellek Twitter bidez adierazi du EBk beste 25 milioi euroko babes humanitarioa bidaliko diola Kievi; energia ekipamenduari dagokionez, berriz, 35 milioi LED bonbilla, 2.400 sorgailu eta herrialdeko eraikin publikoetan jarriko dituzten eguzki planen finantzaketa.

Gerra frontean, Errusiako armadak Kharkiv eskualdeko Barvinkove herria bonbardatu du gaur goizaldean, eta gutxienez bi pertsona hil eta beste bat larri zauritu ziren, eskualde horretako gobernadore Oleh Syniehubovek salatu duenez, The Kyiv Independent egunkariak jasotakoaren arabera.

Eta Errusiak iazko urrian anexionatutako Zaporizhia probintzian, pertsona bat hil da, bonba auto bat lehertu ostean. Hala jaso du TASS Errusiako berri agentziak.

Krimeako agintariek —Errusiak 2014an anexionatu zuen—, berriz, iragarri dute Ukrainako politikari eta enpresarien bostehun bat jabetza «nazionalizatu» egin dituztela. Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko presidenteak zehaztu du, gainera, terrorismoaren aurkako batzordeak lanean jarraituko duela «Kieveko erregimenaren konplizeen ondasunak identifikatzeko». Krimeako Gobernuaren webgune batean kaleratutako dokumentu baten arabera, zerrenda horretan daude, besteak beste, Arseni Jatsenyuk Ukrainako lehen ministro ohia, eta Igor Kolomoiski, Rinat Akhmetov eta Serhi Taruta enpresariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian. / ©Abir Sultan, EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat, palestinarren jabetza pribatua da.

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ©ANDY RAIN, EFE

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Gorka Berasategi Otamendi

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Xi eta Putin, Moskun egin duten bileran. / ©SERGEI KARPUHIN / SPUTNIK / KREM

Moskura heldu da Txinako presidentea

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren «moral bikoitza» salatu du Xik, Putinen aurkako atxilotze aginduari erreferentzia eginez. Moskuk zigor auzibide bat ireki du Hagako fiskalburuaren aurka. EBko Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi munizioa emateko.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / ©Irakeko lehen ministroaren bulegoa, EE

PKKz eta ur baliabideez arituko dira Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...