Albistea entzun

Zentsura

Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Torrealdairen lanari «jarraipena» emanez, MHLI taldeak 1975. eta 1983. urteen arteko zentsurari buruzko liburu bat ondu du. Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak.

MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian.
MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2023ko otsailak 3

Francisco Franco Espainiako diktadorea 1975. urtean hil zen, baina Espainiako Gobernuak euskal liburuei ezartzen zien zentsura ez zen harekin hil. Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983) liburua ondu du, eta 1975. eta 1983. urteen arteko zentsura espedienteen —500 baino gehiagoren— «hustuketa sistematikoa» egin dute. «Orain arte egin gabe zegoen», nabarmendu du liburuaren editore eta MHLIko ikertzaile Ana Gandarak gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean.

Ikerlariek ondorioztatu dute 1975. eta 1983. urteen artean zentsoreek, frankismoan bezala, «separatismoarekin» zutela obsesioa. «Ez hainbertze erlijioarekin eta moralarekin», azaldu du Gandarak. Horrek ez zion soilik helduen literaturari eragiten; beste genero bati ere garrantzi berezia eman zioten. «Haur eta gazte literatura jo zuten begiz, bereziki etorkizuneko belaunaldiak irakurketa horietatik elikatuko zirelako», adierazi zuen Mari Jose Olaziregi MHLI taldeko zuzendari eta katedradunak.

«Franco hil ondotik, zentsura aparatuak legedian izan zuen bai presentzia, eta baita eskumena ere 1983ra arte. Ikusi eta landu dute zenbateraino gaztelerazko lanak ziren erreferente», azaldu du Gandarak. Gainera, adierazi du zentsoreek «rol sortzailea» izan zutela, egiten zituzten itzulpenengatik, besteak beste. «Talde lanean» egin dute liburua —hamabost ikertzaile inguruk hartu dute parte—, eta Alcala de Henaresko (Espainia) artxiboa izan dute lantoki, hor baitaude zentsura espediente gehienak.

Olaziregik gogoan izan ditu Joan Mari Torrealdairekin artxibo horretan izandako «txutxumutxuak» eta elkarlana. Izan ere, ikerketaren egileek Torrealdai izan dute «erreferente», eta haren lanari «jarraipena» eman nahi izan diote. «Torrealdai omendu nahi genuen: bera gabe ezingo genukeen lan hau egin», adierazi du Gandarak. Torrealdaik doktore tesia eta beste hainbat ikerketa egin zituen frankismo garaian euskal liburuek jasandako zentsuraz; horren adibideetako bat da 2000. urtean argitaratutako Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) liburua.

«Joan Marik nolabaiteko hautapen bat egin zuen bere ikerlanean, eta guk goitik behera hustu ditugu urte horiek. Topatu dugun guztia aztertu dugu», azaldu zuen Olaziregik. «Torrealdairi eskainita dago liburua, eta katea ez da eten», gehitu du.

Transmisioa helburu

Transmisioari eman diote garrantzia ikertzaileek. Haiek ikertutakoa bildu dute gaur aurkeztutako liburuan, baina sarean ere baliabide ugari jarri dituzte eskura. Haien webgunean —mhli.net du izena— Euskal Edizioaren Hiztegia daukate, euskal edizioaren munduari buruzko informazioarekin. MHLIko kideek euskal ediziogintzako hainbat pertsonari egindako elkarrizketak ere eskura daude; esaterako, Idoia Estornes Auñamendi argitaletxeko zuzendari izandakoari, Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko koordinatzaileari eta Arantxa Urretabizkaia idazleari egindakoak.

Joan Mari Torrealdairen Txokoa ere badu webguneak, eta harekin lotutako informazio ugari dago bilduta hor. Liburua osatzeko erabilitako zentsura espedienteak ere irakurgai daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.