GERRA UKRAINAN

Ukrainako Defentsa ministroak ukatu egin du beste ministerio batera joatea eskaini diotela

Reznikovek esan du karguari uko egingo diola, Zelenskik hala eskatuz gero. Ministerio barruko ustelkeria kasuak azaleratu dira azkeneko asteotan.

Oleksii Reznikov, atzo, Kieven. EFE
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 6a
11:16
Entzun

Ukrainako Defentsa Ministerioaren jardunean gertatutako ustelkeria kasuen berri eman zuten herrialdeko hedabideek urtarril amaieran, eta, horren ondorioz, zenbait goi kargudun kanporatu zituen Volodimir Zelenski presidenteak. Oleksii Reznikov Defentsa ministroa ere kargugabetua izateko zorian da, hango komunikabideek kaleratu dutenez. Reznikovek atzo nabarmendu zuen karguari uko egingo diola Zelenskik hala eskatuz gero. «Funtzionario bakar bat ere ez dago karguan betirako». Hori bai, ukatu egin du Industria Estrategikoen Ministerioko burua izatea eskaini diotela.

Izan ere, hori jakinarazi zuen atzo, azken orduan, David Arakhamiak, Zelenskiren alderdiaren talde parlamentarioaren liderrak. Iragarri zuen, aldi berean, Kirilo Budanov Ukrainako inteligentzia militarraren buruzagiak beteko duela Reznikoven hutsunea. Baina Defentsa ministroak adierazi du, The Kyiv Independent egunkariak jaso duenez, ez duela herrialdeko presidentearekin horri buruz hitz egin. Nabarmendu du, bide batez, ez duela «eskarmenturik» kargu horretarako. Nazioartean Reznikov da Ukrainako goi kargudun ezagunenetako bat.

Ministerio barruko ustelkeria kasuak azaleratu dira, hain zuzen, Zelenskik ustelkeriaren aurkako kanpaina bat ezarri duenean, jakinik instituzioetan ustelkeria praktikarik ez egotea dela EB Europako Batasunak talde komunitarioan sartzeko estatu hautagaiei jartzen dien baldintzetako bat.

Azken asteetan kaleratutako informazioen arabera, Ukrainako Defentsa Ministerioak kalitate txarreko produktuak erosten zituen—elikagaiak eta ekipamendu militarra, esaterako— frontera bidaltzeko, baina horien prezioa bi eta hiru aldiz puztuz. Argitaratu denez, Viatxeslav Xapovalov ministrordeak bazuen horren berri. Kaleratu egin zuten.

Grossirekin bilera

Errusiako Gobernuak jakinarazi du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi Rafael Grossi Moskura joango dela asteon. Zaporizhiako (Ukraina) zentral nuklearraren inguruan segurtasun eremu bat sortzea negoziatzen ari dira aurreko udatik Kremlin, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia eta Ukrainako Gobernua. Europako zentral nuklear handiena da, eta Errusiaren kontrolpean dago inbasioaren hasieratik. Leherketak gertatu izan dira haren bueltan, eta Moskuk eta Kievek elkarri egozten diote horien ardura. IAEAk adierazi du, hain zuzen, urtarril amaieran leherketak izan zirela.

Bestalde, Errusiako agintariek jakinarazi dute drone bat lehertu dela gaur Kalugan, Moskutik 200 bat kilometrora. Hango gobernadore Vladislav Xapxak Telegramen esan duenez, ez du ez biktimarik, ez kalterik eragin. Urrian ere beste drone bat erorarazi zuten aireko defentsa sistemek Kalugako aorodromoan, eta hango gobernadoreak esan zuen, orduan, «ziurrenik» mugatik jaurti zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.