Albistea entzun

Oraingoz 8.700dik gora dira Ekialde Hurbileko seismoetan hildakoak

Gau osoan lanean jarraitu dute erreskate taldeek, baina toki askotan laguntzaren zain daude oraindik. Ohartarazi dute biktima kopurua handitu egingo dela datozen orduetan. Milaka dira kaltetuak, eta 40.000tik gora zaurituak. Erdoganek hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du hamar probintziatan.

Erreskatea, Iskenderun.

Arantxa Elizegi Egilegor - Mikel O. Iribar -

2023ko otsailak 7

Dagoeneko 8.700dik gora dira hildakoak Ekialde Hurbila astindu duten bi lurrikaren ondorioz; Turkiako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 6.234 lagun zendu dira, eta Siria osoan, gutxienez 2.530. Zaurituak, berriz, 40.000 baino gehiago dira. Erreskate taldeek ez dute euren lana eten gauean. Orduak joan ahala, gero eta zailagoa izango da inor bizirik aurkitzea eroritako eraikinen hondakinen artean. Tenperatura hotzek ere zaildu egiten dituzte lanak, eta toki askotan laguntza heldu zain igaro dute gaua. Siria iparraldean, Baxar al-Assad presidentearen aurkako indarren menpeko eremuak dira horren adibide. Azpiegiturak suntsituta geratu dira inguru askotan, baita gerra hasiz geroztik giza laguntza banatzeko baliatzen zituzten bideak ere. Milaka iheslari bizi dira bertan. «Irudimena baliatu beste aukerarik ez dugu. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara», azaldu dio Reuters berri agentziari El-Mostafa Benlamlihk, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako koordinatzaileak.

Egoerak hala behartuta, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du lurrikarak hondatutako herrialdeko hamar probintziatan. Horrez gain, eskualde horiek hondamendi eremu ere izendatuko dituela iragarri du.

Ikusi gehiago: Mithat Sancar, HDPko presidentekidea: «Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Ipar-mendebaldeko Administrazio Autonomoko kideek ere gaua lanean igaro dute. Hala ere, ohartarazi dute ehunka direla oraindik hondakin artean harrapatutakoak. «Segundo bakoitza erabakigarria da. Nazioarteko laguntza behar dugu, erreskaterako tresnak eta jendea. Berehalako erantzuna behar dugu hondamendi honi aurre egiteko», nabarmendu du Kasko Zurietako kide Raed al-Salehek. OME Osasunaren Mundu Erakundeko larrialdietako arduradun nagusi Adelheid Marschangen arabera, litekeena da seismoetan 23 milioi pertsona inguru kaltetuak izatea, tartean 1,4 milioi haur.

Sirian ez ezik, Turkian ere asko dira oraindik laguntzaren zain daudenak. «Hotsak entzuten ditugu hondakin artetik, baina ezin ditugu atera. 'Salba gaitzazue' esaten digute... Jainko maitea! Nola aterako ditugu? Ez da inor etorri laguntzera», dio, negarrez, Hatayko bizilagun batek. Eskualdeko aireportu nagusia, itxi egin zuten atzo. Turkian erietxeak ere kolapsatuta daude, ez daukate nahikoa baliabide zaurituak artatzeko. Bada, Turkiako presidenteorde Fuat Oktayren esanetan, hegazkinek atzo baino baldintza meteorologiko hobeak dituzte gaur lurrikarak gehien jo dituen eremuetatik gertu dauden hirietan lur hartzeko, hala nola Hatayn eta Adiyamanen.

Ikusi gehiago: «Ehunka familia daude hondakin azpian harrapatuta»

Turkiako Sanliurfa hirira —hamabi milioi biztanle ditu— bai heldu da laguntza. Erreskate taldeek lanean egin dute gaua han. Omer El Cuneydek zain igaro du gaua, behera eroritako zazpi solairuko eraikin baten aldamenean: «Senideak ditut hondakin artean harrapatuta. Badakit bizirik daudela, baina ezin izan dituzte atera. Atzo gauerdira arte telefonoz aritu ginen, baina geroztik ez du erantzuten». Beste askok kalean egin dute gaua, baina etxera itzultzeko beldur direlako. Hain zuzen, Turkiako Gobernuak Sanliurfako herritarrei gomendatu die hiria uzteko «ahalik eta lasterren», beste seismo batek hildako gehiago ez eragiteko. Turkiako agintarien arabera, 8.000 lagun inguru erreskatatu dituzte eraikinen hondakinen artetik.

Siria ipar-mendebaldean, berriz, «denetarik» behar dute. Hala esan du Maram al-Xeijk, Siriako oposizioko bitarteko gobernuko Osasun ministroak. Ohartarazi duenez, herrialdeko ipar-mendebaldeko osasun sistema ez dago prest atzoko lurrikararen ondorioei aurre egiteko, eta ziurtatu du osasun baliabide «guztiak» behar dituztela. Azaldu duenez, oposizioaren menpe dauden Idlib eta Alepo probintzietako osasun sistema «gutxieneko zerbitzuan» zegoen lurrikarak astindu baino lehen. Beraz, «gabezia asko» dituzte hondamendi horri aurre egiteko. «Hemengo egoera benetan katastrofikoa da». Osasun ministroaren arabera, 1.280 hildako baino gehiago zenbatu dituzte; herrialde osoan, berriz, hildakoak 2.500dik gora dira, eta zaurituak, 4.600 baino gehiago.

Presoak ihesi

Espetxeak ere hondatu dituzte seismoek. Siria ipar-mendebaldeko Rajo hirian kartzelatik ihes egin dute hogei presok. Espetxe hartan EI Estatu Islamikoko 1.300 preso inguru daude. «Lurrikara izan eta gero, presoak mutinatu egin ziren, eta espetxearen kontrola beren gain hartu zuten. Uste dugu ihes egindakoak EIko kideak direla», azaldu dio zaindari batek Al Jazeera telebista kateari.

Bien bitartean, nazioarteko hainbat erakunde eta 30 herrialde baino gehiago hasiak dira laguntza bidaltzen; besteak beste, NBE, EB Europako Batasuna, NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundea, AEB Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Erresuma Batua, Errusia, India, Japonia, Irak, Iran, Australia, Zeelanda Berria, Argentina, Grezia, Espainia, Ukraina, Qatar, Saudi Arabia eta Pakistan. Pakistandik, zehazki, erreskateetan arituak diren hainbat talde abiatu ziren atzo Turkiara. Hego Koreak ere erreskate taldeak eta botikak bidali ditu eremu kaltetuetara; orotara, 4,6 milioi euroko laguntza emango dio Ankarari. Alemaniak, berriz, Sirian lan egiten duten zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderi emango die laguntza. Euskal Herritik ere gutxienez sei suhiltzaile abiatuko dira datozen orduetan Ekialde Hurbilera.

Gerra hotsek etenik ez

Turkian, Kurdistanen eta Siria iparraldean eraikinen hondakinen artean milaka pertsona bilatzen ari diren bitartean, gerra hotsek ez dute etenik. Turkiako Defentsa Nazionaleko Ministerioak gaur goizean adierazi du armadak YPG Herriaren Babes Unitateetako eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideei suziriekin eraso egin diela. Aurrez, Ankararen arabera, YPGko eta PKK-ko miliziek suziriak jaurti dituzte Tal Rifaat hiritik gertu, Siria ipar-mendebaldetik. Turkiak baieztatu du bere armadak ez duela galerarik izan oldarraldi horietan, Al Jazeera hedabideak jasotakoaren arabera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera: Patiño gobernuaren negoziatzaileburua, Petro herrialdeko presidentea eta Rueda Bakerako goi mandataria, atzoko agerraldian, Bogotan. ©EFE

Kolonbiaren eta ELNren arteko bake negoziazioak «krisian» daude

Ander Perez Zala

Bogotak gerrillari eskatu dio zera argitzeko: elkarrizketak baliatzen ari den bere burua indartzeko ala egiazki borondatea duen gatazka amaitzeko. Gobernuarentzat, giltzarri da su etena adostea
Jendetza Madras hiriko kaleetan, Indian, iaz. ©IDREES MOHAMMED / EFE

India izango da herrialde populatuena munduan

Maddi Iztueta Olano

Txinako biztanleriak behera egin du azken urteotan, eta, adituen arabera, egun gutxi barru haren postua hartuko du Indiak. Munduan biztanle gehien dituen herrialdea bilakatuko da: 1.428 milioi lagun.

Donald Trump presidente ohia, martxo hasieran, Marylanden, Kontserbadoreen Ekintza Politikorako Konferentzian. ©JIM LO SCALZO / EFE

Trump auzitara eroskeriagatik

Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi

2016ko bozen atarian pornografian aritzen den aktore bati ordaintzea egotzi diote AEBetako presidente ohiari. «Jazarpen politikoaren biktima» dela salatu du buruzagi errepublikanoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.