Indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Bilbon etxegabe baten txabolari su emateagatik

Biktimak erredurak ditu esku batean eta oin batean. Igande gauean gertatu zen erasoa, Lezamako trenbide zaharraren inguruan, Uribarri auzoaren goialdean.

Eskubide Sozialen Kartak eta AZET elkarteak urtarrilaren 26an deitutako elkarretaratzea, Boluetan hildako etxegabearen heriotza salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 7a
11:19
Entzun

Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, igande gauean egindako eraso baten erantzuletzat jota. Atxilotuak etxegabe bat lotan zegoen txabola bat erre zuen 23:30 aldera, Lezamako trenbide zaharraren inguruan, Uribarri auzoaren goialdean.

Txabolan lo zegoen gaztea zarata batzuen ondorioz esnatu zen, eta berehala jabetu zen gasolina usainaz; sutan zegoen txabolako atea. Ohetik atera eta ahalik eta azkarren saiatu zen handik irteten, eta esku batean eta oin batean erredurak ditu horren ondorioz. Atearen beste aldean ezagutzen ez zuen gizon bat zegoen, geroago Poliziak atxilotu duena. Etxegabeari gasolina botatzen jarraitu zuen hark, «hil zaitez!» oihukatzen zion bitartean.

Geroago, erasotzaileak berak deitu zion Ertzaintzari, aitortuz txabola batzuei su ematen saiatu zela, eta barruan lagun bat zegoela lotan. Laguntza eskatu zuen, berak ere beso batean erredurak zituela eta.

Hainbat patruila joan ziren esandako tokira, eta deia egin zuenak esandakoa egia zela baieztatu zuten. Biktimak kontatu zuen gertatutakoa, eta atxilotu egin zuten erasotzailea; hilketa saiakera egotzi diote. Bilboko bizilaguna da. Erasotzailea eta erasotua, biak, Basurtuko ospitalera eraman zituzten lehenbizi.

Etxolak sutan

Gaurkoa ez da Bilboko etxegabeen inguruan azkenaldian zabaldu den berri bakarra. Urtarrilaren 25ean, 70 bat urteko gizonezko bat hil zen Bolueta auzoan, haren kartoizko eta egurrezko etxolak su hartuta. Gizona kartoi horien artean lo zegoen, sua piztu zenean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET etxebizitza sindikatuak deituta, etxegabearen «erailketa» gaitzetsi zuten dozenaka lagunek. Sistema kapitalista eta «nekropolitika instituzionala» jo zituzten erantzule, eta, batez ere, Bilboko Udala jarri zuten jopuntuan: «20.000 etxe daude hutsik hirian, baina jendea kalean lo egiten eta hiltzen uzten du udalak». «Pobreen aurkako gerra» amaitzea exijitu zieten erakundeei, eta, horretarako, etxebizitza duina edukitzeko eskubidea bermatzea.

Duela urtebete ere, 2022ko urtarrilaren 2an, beste etxegabe bat hil zen Bizkaiko hiriburuan: 40 urteko emakumezko bat, gaua Zabalgune plazan eman ostean.

Ikusi gehiago:Hotzaren zauriak espaloian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.