«Pobreen aurkako gerra» salatu dute, hildako etxegabea oroitzean

Etxebizitza eskubidea bermatzeko exijitu dute Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET taldeak

Bilboko etxegabearen heriotza gaitzetsi zuten atzo iluntzean, udaletxe aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Asteartean Bilboko Bolueta auzoan zendutako etxegabearen «erailketa» gaitzetsi zuten atzo iluntzean dozenaka lagunek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET etxebizitza sindikatuak deituta. Sistema kapitalista eta «nekropolitika instituzionala» jo zituzten erantzule, eta, batez ere, Bilboko Udala jarri zuten jopuntuan: «20.000 etxe daude hutsik hirian, baina jendea kalean lo egiten eta hiltzen uzten du udalak». «Pobreen aurkako gerra» amaitzea exijitu zieten erakundeei, eta, horretarako, etxebizitza duina edukitzeko eskubidea bermatzea.

Udaletxe aurrean egin zuten elkarretaratzea, barruan osoko bilkura amaitzen ari zenean; hain justu, etxebizitza eskubideari buruzko plan estrategiko bat lantzeko foro bat abiatzea adostu zuten, EH Bilduren ekimenez. Kalean, ordea, haserrea nagusitu zen. Pobreon kontrako gerra gelditu! Kaleak hil egiten du, udala errudun lelopean, protestariek nabarmendu zuten «onartezina» dela 70 urteko pertsona batek kalean bizi behar izatea —haren etxolak su hartuta zendu zen—, «baldintza ankerretan», «gutxi batzuen etekinak gehienen bizitzen gainetik lehenesten duen sistema baten ondorioz».

Izan ere, Eskubide Sozialen Gutunaren eta AZETen arabera, etxegabearen heriotza ez da istripu bat izan, baizik eta «hilketa» bat, pobreziak eta «utzikeria instituzionalak» eragindakoa: «Sistema kapitalistaren ondorioa da, zeinetan etxebizitza beste merkantzia bat bihurtzen den; merkantzien erregimen horretan, biziraupena irabazi beharreko zerbait da, eta bizitzeko eskubidea, merkatu barruan eros daitekeen salgai bat. Dirurik ez baduzu, ez duzu etxebizitzarako eskubiderik. Dirurik ez baduzu, ez duzu bizitzeko eskubiderik». Pobreen aurka «gerra» bat dagoela salatu zuten: «Bizirauteko modurik gabe uzten gaituzte». Hala, erantzuleak ere seinalatu zituzten; besteak beste, bankuak, putre funtsak eta «etxebizitzarekin espekulatzen dutenak».

Baina sistemari ez ezik, erakundeen politikari ere erreparatu zioten. Maila guztietan egin zituzten kritikak. Espainiako Gobernuari egotzi zioten egunean ehun pertsona baino gehiago etxegabetzea, okupazioaren aurkako erreforma bat planteatzea eta etxebizitza publikoak «putre funtsei oparitzea». Eusko Jaurlaritzari, berriz, etxebizitza legearen bidez «propaganda» egitea. Eta Bilboko Udalari, azkenik, etxebizitza parke publiko «oso mugatua» edukitzea, eta «bizirauteko eskubidea ere mugatzea» aterpetxeetan leku nahikoak ez jarriz. Gogora ekarri zuten, era berean, Atxuriko saskibaloi kantxan edo San Frantziskoko etxe okupatuetan bizi ziren gazte migratuak «bortxaz bota» zituela udalak.

Erantzun «irmoa»

Egoera horretan, erantzun «irmoa» eskatu zieten instituzioei. Batetik, pobreen aurkako gerra gelditzea: «Pertsonak txiroak izateagatik kriminalizatzeari uztea». Bestetik, etxebizitza eskubidea bermatzea: «Soilik horrek eragotziko du halako tragediak berriz gertatzea». Jabetza pribatuaren garrantzia apaltzeko eskatu zuten, etxe kaleratzeak bertan behera uzteko, turistifikazioa gelditzeko, espekulazioa mugatzeko eta etxebizitza parke publikoa handitzeko. Lelo bat aldarrikatuz amaitu zuten elkarretaratzea: «Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.