Albistea entzun

Estatu indarkeria

Pasaiako sarraskian hildakoen senideek auzia gizarteratu nahi dute, egia argitzen laguntzeko

Harreman dinamika bat abiatuko dute martxoaren 28ra bitarte. Orduan egingo dute ustez segadan parte hartu zuten zazpi polizia identifikatzeko saioa.

Senideek eta abokatuek egindako agerraldia, gaur, Azpeitian.
Senideek eta abokatuek egindako agerraldia, gaur, Azpeitian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko otsailak 7

«Berandu da, baina guretzat ez da beranduegi izango Pasaiako badian gertatu zena behar den bezala ikertu eta argitzen bada», adierazi du Pello Aizpuruk, Espainiako Poliziak 1984an hildako KAA Komando Autonomo Antikapitalistetako senideen izenean. Egia, justizia eta errekonozimendua eskatu dituzte senideek, eta azaldu dute gaia gizarteratzeko «harreman dinamika bat» abiatu dutela. Martxoaren 28ra bitarte, alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta instituzioetako ordezkariekin harremanak sustatzea dute helburu, ordurako deitu baitu Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino, lau militanteen hiltzailetako batzuk identifika ditzakeen ikusteko.

Ikusi gehiago: Joseba Merino, Pasaiako segadako lekukoa: «Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Azpeitiko Udaletxean egindako agerraldian, Aizpuruk adierazi du familiek eta abokatuek egindako lanari esker ireki ahal izan dela berriz ere auzia, epaitegien urteetako borondate ezaren ostean. Urte askoan auziak izandako irregulartasunak eta poliziek prozesuan izandako «inpunitatea» kritikatu ditu, eta adierazi du jarraituko dutela «egia jakiteko behar den bezalako ikerketa bat egin dezaten eskatzen». Hura da, Aizpururen esanetan, justizia eta erreparazioa eskuratzeko lehen urratsa.

Aizpururen hitzetan, auzia ixtea «sinestezina» izan zen senideentzat. Auzibidea 2018an itxi zuten, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak akusazioaren azken helegitea atzera bota ostean. Irregulartasunak, ordea, ugari izan dira bidean. Aizpuruk gogoratu du gorpuak epailearen baimenik gabe mugitu zirela aztarnarik ez aurkitzeko, epaileak ez zuela balistikako frogarik eta identifikaziorik agindu, eta Poliziak ez zituela epaileak eskatutako argazki txostenak plazaratu. «Zabarkeria eta kontraesan» horiez gain, gertatutakoaren testigu zuzenak ere bazeuden; horietako bat Merino bera.

Senideen abokatu Santi Gonzalezek ere epaitegiek izandako «borondate eskasa» salatu du, eta kritikatu du ohikoak izan direla «estatuak estatua ikertzen duenean dauden arazoak». Halere, egoerak beste norabide bat hartu zuen duela urte eta erdi inguru. Merinok, segadatik bizirik atera zen KAAko militante bakarrak, ustez ekintza hartan parte hartu zuten zenbait polizia identifikatu zituen TVEren bideo batean. Afera epaileari jakinarazi zion abokatuak, eta hark berriz ireki zuen ikerketa.

Identifikatutako poliziak lekuko gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen epaileak, baina senideen abokatuak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Auzitegian, haiek ikertu gisa deklaratu zezaten. Auzitegiaren onespena izan zuen helegiteak, baina epaileak baldintza gisa jarri zuen lehenik haiek identifikatzea.

Hala, zazpi polizia deitu ditu identifikazio saio batera, Rosa Jimenok eta Merinok identifikatu ditzaketen zehazteko. Polizia horiek Gipuzkoako gobernadore militar Rafael Garridoren hilketa ikertu zuten taldeko kideak dira; ETAk hil zuen Garrido, 1986an.

Epaileak egindako urratsak auzia «behar den moduan» ikertzeko borondatea erakusten du, Gonzalezen esanetan. Halere, jakitun da identifikazioa ez dela erraza izango, ia 39 urte igaro baitira: «Ez dakigu horrek zer emango duen».
Era berean, azaldu du askotariko trabak eta mugak daudela prozesuan: inoiz ez da operazioan parte hartu zutenen zerrendarik argitaratu, ez dago erregistrorik, argazkiak osatu gabe daude... Finean, Gonzalezek azaldu du espedientea «zulatuta» dagoela, eta hala dagoela horretarako «borondate politiko bat egon delako». Izan ere, gogoratu du Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru fusilatu egin zituztela, poliziak zuten inpunitatearen jakitun zirelako: «Bazekiten ez zela ondo ikertuko».

Aiert Larrarte Azpeitiko Udalaren abokatuak —herri akusazioa da— gehitu du epaileak bi bide jorratu behar dituela ikerketaren une honetan. Batetik, delitu bat egin ote den zehaztea, jada baieztatu dagoena. Bestetik, delitua egileei egoztea. Hori da «zailtasun» nagusia. Horretarako, epaile eta abokatuez gain, beste instituzio batzuek ere urratsak egin ditzaketela azaldu du: «Zenbat polizia zeuden egun horretan? Ehun, 150, 200? Herri honetan inork ez daki bat bera ere nor zen?».

Horregatik, senideek egin bezala, abokatuek ere gaia gizarteratzearen premia adierazi dute, herritar, eragile eta instituzioek auzian eragiteko. «Ez dakigu noraino iritsiko den epaitegietan, baina badakigu profitatu behar dela aukera epaitegietatik kanpo ere», azaldu du Gonzalezek. Eta Larrartek gehitu: «Euskal Herrian egongo dira instantzia nahiko zeintzuk izan ziren badakitenak».

Azpeitiko alkate Nagore Alkortaren hitzetan, xedea egia jakiteko ikerketa abiatzea da, ondoren senideek justizia eta erreparazioa ere izan ditzaten. «Mekanismo guztiak abiatu behar ditugu».

Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 18an atxilotu zuen Rosa Jimeno eta, torturen ostean, KAAko kideekin hitzordu bat ezartzera behartu zuten, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) portuan. Martxoaren 22an ehundik gora poliziak parte hartu zuten haiei egindako segadan. Rafael Delas, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Dionisio Aizpuru hil zituzten. Denera, 113 bala zulo antzeman zizkieten lau gorpuei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. ©RAUL BOGAJO/ FOKU

Erabakitzeko eskubideari eta errepublikari bide emateko eskatu dute

Edurne Begiristain

Espainiako Konstituzioa erreformatzea galdegin dute EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk Eusko Legebiltzarrean. Gure Esku-k dio «norabide egokian egindako urratsa» dela
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Euskal Herria asimilazio prozesu betean dago»

Gotzon Hermosilla

Aurten ere Gernikan egingo ditu Jardunek Aberri Eguneko ekitaldiak. Haien ustez, «Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak gainditzeko» beharrezkoa da «proposamen politiko bat» eraikitzea.
EAren XIII. Batzar Nazionala, iazko otsailean. ©Raul Bogajo / Foku

Epaitegiak ontzat jo ditu EAk iazko otsaileko kongresuan hartutako erabakiak

Iosu Alberdi

Bozketak telematikoki egin izana babestu du. Estatutu berria, proposamen politikoa eta idazkari nagusia hautatu zituzten biltzarrean.

Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea, iazko sari banaketan ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Egiaren Batzordeek eta Txernobylgo adingabeekin lanean dabiltzan elkarteek jaso dituzte Gernika sariak

Berria

Argentinako, Hegoafrikako, Ekialdeko Timorko eta Kolonbiako Egiaren Batzordeen lana hartu dute aintzat alde batetik, eta Txernoylgo adingabeekin lanean ari diren euskal elkarteena bestetik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.