Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Errefuxiatu palestinarren hiru kanpaleku daude lurrikarek kalte egindako eremuan

Orotara 62.000 palestinar bizi dira Siria iparraldeko kanpalekuetan. Oraingoz, 60 hildakoren berri eman dute.

Eraikin bat sutsituta Latakia hirian, Sirian. Bertan dago errefuxiatu palestinarren kanpalekuetako bat. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA, EFE
Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 7a
17:43
Entzun

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, 438.000 errefuxiatu palestinar bizi dira Siria iparraldeko hamabi kanpalekuetan. Horietatik hiru lurrikarak kalte egindako eremuaren barruan daude: Latakiakoa eta Alepo kanpoaldean kokatutako Neirab eta Ein el-Tal. Orotara 62.000 errefuxiatu bizi dira horietan, eta erakundeak ohartarazi du horien %90 daudela laguntza beharrean, hau da, 57.000 inguru.

Oraingoz, 60 dira hildakoak, PAN Palestinako Aginte Nazionalak jakinarazi duenez. Baina nazioarteko erakundeko kideak kezkatuta daude bizirik irten direnen egoeraz. UNRWAko eledun Tamara Alrifaik azaldu duenez, 2,5 milioi euroko laguntza behar dute errefuxiatuen beharrizanei erantzuteko.

Alrifaik ohartarazi du hildakoen kopuruak gora egingo duela, laguntza berehala helarazi ezean. «Botikak, maindireak, mantak eta garbiketarako baliabideak behar ditugu». Gainera, errefuxiatuetako askoren etxeak ere suntsitu ditu seismoak. Latakian, esaterako, UNRWAren egoitzan igaro dute gaua 700 errefuxiatu inguruk. Beste hainbat tokitan eskolak bilakatu dituzte behin-behineko aterpe etxerik gabe geratu direnentzat, edo etxera itzultzeko beldur direnentzat.

Erakundeak azaldu duenez, oraingoz badituzte nahikoa botika zaurituak artatzeko, baina horiek bukatu ahala gehiago beharko dituzte. Horretaz gainera, indarkeria matxistaren aurkako neurriak hartu beharra ere nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.