Tortura

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu du Kriminologiaren Euskal Institutuak

Bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana oraindik «amaitu gabe» dago  

Laura Pego ezkerrean; erdian, Javier Lekunberri batzordeburua eta Jeanette Ruiz. IñIGO URIZ / FOKU
2023ko otsailaren 7a
20:56
Entzun

Ez dute hemen geratu nahi. Urtarrilaren 9an, Kriminologiaren Euskal Institutuak torturari buruz egindako txostena aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari; arratsaldean, berriz, haren emaitza nagusiak azaldu dituzte parlamentuan Laura Pego eta Jeanette Ruiz ikerlariek.

1979tik gaurdainoko garaian, Nafarroan 825 kasu identifikatu dituzte, eta, horri 1960tik 1978ra arteko garaikoak gehituz gero, 1.068 kasu bildu dituzte guztira. Pegok nabarmendu du salatutako kasu kopurua «garrantzitsua» dela: «Terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan eta nagusiki inkomunikazio erregimeneko atxiloketan erabilia izan da tortura, eta hala iraun du ia gaurdaino, nahiz eta egia den azken urteetan kasu gutxiago daudela». Pegok aipatu du euren azterlana «amaitu gabea» dela. «Oraindik asko dago egiteko».

Agerraldian hainbat aldiz errepikatu dutenez, «oso denbora gutxi» izan dute. Sei hilabete besterik ez, «ekainetik azarora bitartean». Dena den, ez dute hutsetik abiatu behar izan: batetik, iragan legealdian 1960tik 1978ra arteko kasuak ikertzerakoan 1979tik aurrerako batzuk atera zirelako; bestetik, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako lehen txostenean hainbat nafarren kasuak ere azaleratu ziren.

Helburua izan da bildutako tortura kasuak «zientifikoki» aztertzea. Hainbat ezagutza arlotako hamabost aditu aritu dira aztertzeko zeregin horretan. Sei hilabete horietan, 676 pertsonaren kasuak heldu zaizkio institutuari eta pertsona bakoitzeko karpeta bat ireki dute. Espediente bakoitzean, kasuekin erlazionatutako agiriak, adituen txostenak eta lekukotzak sartu dituzte.

Hainbat pertsonek kasu bat baino gehiago salatu zutenez, institutuak kalkulatu du aztertutako garaian 825 tortura kasu izan zirela. Dena den, Pegok zehaztu du zifra hori «estimazio bat» dela, denbora mugatu horretan 434 pertsonek salatutako 532 kasu egiaztatu dituztelako. Nabarmentzekoa da sei hilabete horietan audioan 13 elkarrizketa grabatu dituztela eta bideoz beste 93. Idatziz, berriz, 113 lekukotza bildu dituzte. Horietako batzuk giza eskubideen arloko elkarte batzuk pasa dizkiete, baina gehienak eurek egin dituzte: «Esfortzu handia egin dugu».

Kasuen erdia, Polizia

Datu nagusiak urtarrilaren 9an ezagutarazi baziren ere, Pegok aurreratu du kasu gehienen atzean Espainiako Polizia (%50) eta Guardia Zibila (%45) izan zirela; Ertzaintzaren ardura izan zen kasuen %2 –gainerako %3 beste polizia batzuk edo biktimek identifikatu gabeko poliziak lirateke–. Pegoren arabera, datuok EAEko datuen «nahiko antzekoak» dira.

Hala, Hego Euskal Herrian institutuak egiaztatutako 4.832 kasuak aintzat hartuta, Guardia Zibila aztertutako tortura kasuen %43ren atzean zegoen, Espainiako Poliziaren beste %43ren atzean eta Ertzaintzari kasuen %7 egotzi zaizkio

Nafarroan aztertutako kasuen artean, hamahiruri aplikatu diete Estanbulgo Protokoloa. Jeanette Ruiz psikologoaren esanetan, torturatuen sinesgarritasuna neurtzeko dagoen «erremintarik baliagarriena» da. Ruizen arabera, hiru eta bost orduko elkarrizketak grabatu dituzte eta bertan biktimei eskatzen zaie bere esperientzia eta orduan sentitu zutena azaltzeko. Kontatu ahala, ahaztutako pasarteak etortzen zaizkie batzuei gogora.

Ruizen arabera, zenbaitek aipatu diete «inori inoiz kontatu gabekoa» esan dietela. Lekukotza horietan, erreakzio emozionalak, ahozko eta keinu bidezko komunikazioa, kontatzen denaren eta sentitzen denaren arteko koherentzia edo tortura jasan geroztik pertsonalitate aldaketak baloratzen dituzte adituek. Ruizek aipatu zuenez, Nafarroan protokoloa aplikatu zaien hamahiru lekukotzei «sinesgarritasun eta sendotasun handia» handia eman diete.

Ruizek espero du etorkizunean kasu gehiagori aplikatzea protokoloa. Emaitzari dagokionez, bere ustez ulergarria izan liteke herritar batzuei ulertezina egitea segurtasun indarrek halako praktikak erabili izana: «Zaila egiten zitzaigun ere pentsatzea Elizako kideak abusuen atzean egon zitezkeela. Babesteko daudela pentsatzen dugu, baina ez da beti horrela. 30 urte daramatzat jardun honetan, eta deitzen nautenean artatzea da nire zeregina. Tortura jasan duten gehienek esaten didate, aitortza soziala eta publikoa nahi dutela».

Pegok gogora ekarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat aldiz zigortu duela Espainiako estatua, eta horien artean hainbat nafar izan zirela. Navarra Sumako Iñaki Iriartek galdetu dio ea Estrasburgoko Auzitegiak aintzat ez hartutako kasu kopuruei balioa ematen dieten ere. Pegok erantzun dio epai kopurua «handia» dela, eta ebazpen horiek tortura salaketak ez ikertzea egozten diotela estatuari: «Ez ikertzea larriagoa da, zigorgabetasunaren zikloa ixten baitu».

Sareak, «begi onez»
Agerraldia amaituta, institutuko ikerlariak Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta hainbat gizarte eragilerekin bildu dira. Amaieran, Jorge Txokarro sareko eledunak «begi onez» hartu du parlamentuak adituei ateak ireki eta torturaren errealitatea hizpide izatea. «Begi bistan geratzen da tortura ez dela errealitate isolatu bat izan, baizik eta sistematikoa izan dela. Ez da Guardia Zibilaren edo Poliziaren ardura izan, sistema oso batena baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.