Albistea entzun

Lezetxiki

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan.
Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. LEZETXIKIREN LAGUNAK Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko otsailak 8

EH Bilduko Espainiako kongresukide Iñaki Ruiz de Pinedoren galdera bati erantzunez, Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek jakinarazi du Lezetxikiko galeria baten barruan egindako tunelak ez duela «inolako kalterik» eragin aztarnategi garrantzitsuan. Ministroak esan du «300 metro baino gehiagora» dagoen galeria bat dela tunelak gurutzatu duena, eta Adifeko eta aldundiko teknikariek «arauzkoak diren txostenak» egin zituztela tunelak hondatutako galeriaren inguruan.

Haren arabera, tokiak «ez du interesik» aztarnategi gisa. «Ingurumen eraginaren arauetan ezarritakoa betez egiten ditugu obra guztiak, eta horrela egin dugu orain ere: ondasun kulturala eta arkeologikoa babesteko jarraipen zorrotza egin dugu», esan du Sanchezek, Espainiako Kongresuan.

Ministroak azaldu duenez, AHTaren ibilbidea eraikitzeko hondeatze lanetan, Lezetxiki inguruan sailkaturik ez zegoen galeria bat aurkitu zuten, «babesik gabekoa eta aztarnategia hartzen duen sistema karstikoaren mutur batean dagoena». Hori ikusita, Adifek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak tunela hartu duen galeriaren inguruko «ikerketa sakona egitea» erabaki zuten, «espeleologia eta arkeologia taldeekin».

Sanchezek ziurtatu du teknikari horien txostenetan jaso dela tunelak gurutzatu duen «kobazuloaren egoera orokorra ona» dela, eta ez dela aurkitu han «arrasto arkeologikorik edo paleontologikorik». Ministroak gaineratu du galeria hori «ingurune naturalaren parte» dela eta ez dagoela babesturik. Horregatik, «exekuzio lanek aurrera egin zuten, proiektuari jarraikiz»; «eta berriro diot: aztarnategi arkeologikoari ez dio eragin». Era batera edo bestera, Sanchezek garbi utzi du AHTan «inbertitzen» jarraituko duela Espainiako Gobernuak, «beharrezkoa baita».

Ezkutuan gorde

EH Bilduko kongresukide Ruiz de Pinedok esan dio ministroari egoera hori guztia isildua izan dela, administrazioek «ezkutuan» eutsi diotela, eta agerian geratu dela espeleologo batzuek atera dutelako argitara. «Kautelazko arauek ez dute balio izan kasu honetan», esan dio ministroari; «ez ziren lanak gelditu, ez zen jakinarazi gertatutakoa, eta, orain, gertatutakoaren garrantzia gutxiesten ari zarete».

Ruiz de Pinedok galeriak jasotako kalteei buruzko «txosten tekniko zorrotza» eskatu dio ministroari, «Arrasateko Udalak eskatu duen moduan». Jazotakoa argitu behar dela errepikatu du koalizio abertzaleko ordezkariak, «ardurak» mugatzeko. Kongresukideak uste du AHTaren obrak suntsitzen ari direla «eremu karstikoak, akuiferoak eta balio arkeologiko handiko kobak», eta hori guztia «iluntasun handi baten barruan» gertatzen ari dela.

Ruiz de Pinedok aitortu du suntsitutakoak ez duela atzera-bueltarik, baina eraiki ez diren AHTaren ibilbideko beste hainbat zati «berraztertzeko» eskatu dio Garraio ministroari, «suntsiketa gehiago egon ez dadin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...