Energia
Hiru urte barru berriztagarriak izango dira munduko argindar iturri nagusia
Ikatza gaindituko dute, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Datozen hiru urteetako eskariaren igoera ere energia berriztagarriekin eta nuklearrarekin aseko da ia erabat.

Energia berriztagarriak dira etorkizuna; epe motzera, bederen. Hori uzten du agerian IEA Nazioarteko Energia Agentziak argindarraren ekoizpenari buruz argitaratu duen azken txostenak: haren arabera, 2025. urtearen amaierarako iturri berriztagarriak izango dira argindarra sortzeko bide nagusia munduan. Gaur egun ikatza da lehena zerrenda horretan, baina IEAk aurreikusi duenez, zertxobait egingo du behera haren erabilerak, eta nabarmen gora berriztagarrienak. Nuklearra da goranzko joera duen beste argindar iturria, eta bere horretan mantenduko da gasa.
Hori dela eta, ia erabat, energia berriztagarrien eta nuklearraren bidez erantzungo zaio datozen hiru urteetan izango den eskariaren igoerari. Argindar iturri garbiak ari dira pixkanaka erregai fosilen lekua hartzen; horrek esan nahi du CO2 isuriak mantendu edo jaitsi egingo direla, munduan argindar gehiago ekoiztuko den arren.
Eskaria, berpizten
Dena den, eskariaren igoera ez da oso handia izan aurten: Ukrainako gerrak eta munduko hainbat lekutako ezohiko gertakari klimatikoek baldintzatuta, %2 soilik igo da, pandemia aurreko urteetan baino gutxiago. Batez beste %2,4 igo zen orduan.
IEAren aurreikuspenen arabera, ordea, eskaria gogotik igotzen hasiko da aurten: %9 hiru urtetan. Munduko eskariari EB Europako Batasunak duenaren neurriko beste eskari bat gehitzearen parekoa da hori. Nagusiki Txinan, Indian eta Asiako hego-ekialdean gertatuko da igoera, eta argindarraren %70 kontsumituko da eskualde horietan. Aipagarria da Txinaren kasua: munduko argindar eskariaren heren bat herrialde horrena izango da hiru urte barru; %5ekoa zen 1990. urtean, eta %25ekoa, 2015.ean. Motelago, baina EBko eta AEB Amerikako Estatu Batuetako argindar eskariak ere etengabe gora egiten jarraituko du.
Iturriak
Eta zeri esker lortuko da hazkunde horri erantzutea? Iturri berriztagarriei esker gehienbat, eta, neurri txikiagoan, energia nuklearrari esker. Bi horien artean aseko dute datozen hiru urteetan izango den hazkundearen %90. Datuetan: gaur egun sortzen dena baino 2.493 terawatt-ordu gehiago ekoitziko dira 2025ean, eta, IEAren arabera, energia berriztagarriei esker lortutakoak izango dira horietatik 2.450.
Hainbat herrialde hasiak dira energia nuklearra ere berpizten; tartean, Txina, India, Japonia, Hego Korea eta Frantzia. Hori dela eta, energia garbiek erregai fosilen lekua hartuko dute pixkanaka argindar sorkuntzan, eskariaren igoera asetzeko adina baino gehiago haziko baita haien ekoizpena.
Hazkunde ikusgarri horri esker gaindituko dute berriztagarriek ikatza. Gaur egun, munduan, 10.325 terawatt-ordu ekoizten dira ikatzari esker, eta hiru urte barru, gutxi gorabehera, bere horretan mantenduko da kopuru hori, IEAren txostenak dioenez. Iturri berriztagarriei esker, berriz, 8.349 terawatt-ordu ekoizten dira orain, eta 10.799 izango dira 2025. urtean. Munduan ekoitziko den argindarraren %35 da. Ikatzaren bidez ekoitziko da elektrizitatearen %33, gasaren bidez %21, eta energia nuklearraren bidez, %10. Eboluzioaren ideia bat egiteko: 1990 eta 2010 bitartean argindarraren %20 ekoizten zen berriztagarrien bidez.
Kutsadura
Hazkundeari energia garbien bidez erantzungo zaionez, argindarraren sektoreak orain beste karbono dioxido sortuko du datozen urteetan. Edo gutxiago, berriztagarriek eta nuklearrak erregai fosilen lekua hartzen badute.
Azpimarratzekoa da, ordea, iaz sekula baino gehiago kutsatu zuela argindarraren sorrerak. 2021. urtean %6 handitu ziren emisioak, eta 2022an, %1,3. Beraz, datozen urteetan maximo historikoetan mantenduko dira emisioak. IEAk dioenez, erronka da 2025. urtetik aurrera joera hori beheranzkoa izatea. Horretarako gakoak bi dira agentziaren iritziz: «Bezeroen eskariaren malgutasuna» areagotzea, eta biltegiratzeko gaitasuna handitzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.