ingurumena

Hondakin industrialei aurre egiteko «tratamendu egokirik» ez edukitzea egotzi die ELAk erakundeei

Sindikatuak proposatu du, besteak beste,  industriaren ekoizpen eredua «dibertsifikatzea» eta material berriztagarrietan, birziklagarrietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako jarduerak bultzatzea.

Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) hondakin industrialak hartu ohi zituen. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2023ko otsailaren 8a
17:33
Entzun

Hego Euskal Herriko hondakin industrialen egoera aztertu du ELAk, eta ondorio nagusia da, «urtez urte handitzen doazen hondakinak izanagatik ere», erakundeek ez dutela horiei aurre egiteko «tratamendu egokirik; ekonomia zirkularrean oinarritu beharrean, erraustegien alde egiten ari dira edo zabortegietan pilatzen dituzte, Zaldibarko kasuak agerian utzi duenez».

Hondakin industrialen garrantziaz ohartarazi du sindikatuak, horiek hiri hondakinak baino «askoz kopuru handiagoan» sortzen direla argudiatuta. Datuak eman dituzte: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2019an, hondakin industrialak 6.674.779 tona izan ziren, eta hiri hondakinak, 1.142.223 tona. Nafarroan 2021ean 829.987 tona izan ziren hondakin industrialak, eta hiri hondakinak, 284.106 tona. Kopuru horiek, gainera, «etengabe» hazten ari direla nabarmendu dute, «Euskal Herrian sektore horrek duen pisuaren ondorioz».

Hondakin industrialak «zabortegietan ezkutatu edo erraustu» beharrean, ELAk uste du Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua «kudeaketa jasangarria aurrera eramateko politikak egiten» hasi behar direla.

Horri lotuta, sindikatuak proposatu du hondakin industrialen birziklapena «areagotzeko tratamendu iraunkorretan oinarritutako birziklapen plantetan» inbertitzea; industriaren ekoizpen eredua «dibertsifikatzea», ekonomia ez dadin oinarritu «hondakin gehien sortzen duten sektoreetan»; material berriztagarrietan, birziklagarrietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako jarduerak bultzatzea; eta industria sektore «iraunkorrak» garatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.