Etxegabetzeak
Gasteizko familia baten etxegabetzea gerarazteko exijitu dute
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin du, «segurtasun osoz» berehalako etxegabetze agindua jasoko duen familia baten egoera salatzeko. «Beti bezala, administrazioak ez du aukerarik eskaini», gehitu du.

Duela hilabete batzuk, azaroan, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak etxegabetze arriskuan zen familia baten egoeraren berri eman zuen. Denborak aurrera egin ahala, egoerak berdin jarraitzen du: «Beti bezala, administrazioak ez du aukerarik eskaini». Hiriburuko Espainia plazan agerraldia egin du sindikatuak gaur, etxegabetzearen berri emateko. Familiak berak egin du ahaleginik: hasieran, ez zuen nahi bere kasua ezagutzerik, «ondorio errepresiboen beldur». Kale gorrian amaitzeko eguna hurbildu ahala, gizarte zerbitzuetara jotzea erabaki zuen, Etxebizitza Sindikatuarekin batera, bere egoeraren berri emateko eta irtenbidea bilatzeko.
Alde Zaharreko etxebizitza batean bizi da etxegabetze arriskuan den familia. Hipoteka betearazteko prozesuaren ostean, etxebizitza Blackstone putre funtsaren eskuetan geratu zen; urteak eman zituen hutsik eta baldintza txarretan, sindikatuak adierazi duenez. «Orduan, beste alternatibarik ez zuten zenbait pertsonak okupatu eta eraberritu zuten». Jabearen eta familiaren arteko negoziazioak ere hasi zituzten 2021 amaiera aldera, emaitzarik gabe. «Eroskeria» egiten ere saiatu zen jabea. «Hainbat mehatxuren ostean», bide judizialaren azken fasean da auzia, eta, sindikatuak gaur azaldu duenez, berehalako etxegabetze agindua izango da emaitza , «segurtasun osoz».
Horiek horrela, Etxebizitza Sindikatuak hau galdegin die Gasteizko Udalari eta putre funtsari: etxegabetzea «berehala eta baldintzarik gabe» etetea; familia erregularizatzeko negoziazioak hastea alde guztien artean; eta «benetako eta kalitatezko» bizitoki bat bermatzea familia hari.
Kasu hori ez ezik, okupatutako etxebizitzen egoera ere xehatu du sindikatuak. Salatu dute 28 etxebizitza direla husteko arriskuan, eta ez udalak ez putre funtsek ez dutela «zalantza ere egiten» familiak botatzeko. «Horrela, [etxebizitza] horiekin negozioa egiteko».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.