Ikusle, lekuko edo argazkilari?

LeBron Jamesen errekorraren saskiratzeak argi utzi du teknologiak nola aldatu duen gertakari garrantzitsuak ikusteko modua, lekukotza jaso nahian ikusleak argazkilari bihurtzen baitira.

LeBron James, harmailara hurbiltzen, errekorra lortu ostean. ALLISON DINNER, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko otsailaren 9a
13:08
Entzun

Azken orduetan, munduari buelta eman dio LeBron James Los Angeles Lakerseko jokalariaren atzo goizaldeko azken-aurreko saskiratzeak. NBAren historian puntu gehien sartu duen jokalaria bihurtu zen Oklahomaren aurkako partidan, eta azken-aurreko horri beste saskiratze bat gehituta, 38.390 puntuan du orain errekorra. Ordura arte, Kareem Abdul-Jabbarrek zeukan marka hori, 38.387 puntu sartuak baitzituen. 1984. urtean lortu zuen, Lebron James jaio zen urtean.

Saskiratzeak ez ezik, beste gauza batek ere bereganatu du askoren arreta, ordea: harmailetan daudenen jokabideak. Izan ere, Jamesek 38.388. puntua eman zion saskiratzea jaurti zuenean, harmailetan zeuden ia gehienek sakelako telefono bati begira bizi izan zuten NBAko gertaera historiko hori; edo sakelako bat eskuetan zutela, bederen. Harmailaren irteeran dauden langile batzuk eta lehen lerroan eserita dagoen gizon bat dira salbuespenik agerikoenak, eta horrek zeresana eman du sare sozialetan.

Ikusle izan, eta lekuko izan nahian argazkilari izatea. Ukaezina da sakelakoekin aldatu egin dela ikusteko modua. Nola NBAko partida batean, hala Euskal Herrian partida batean Txoriak txori kantatzen dutenean. Baita haur emankizun batean ere. Gertakari hori norberak etorkizunerako gordetzea izan daiteke helburua. Edo sare sozialetan jarri eta jarraitzaileengandik erantzun bat jaso nahi izatea. Edozein modutan, beste garai batzuekin alderatuta, aldea handia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.