Txile
Etxeratze agindua ezarri dute Txile hegoaldean, suteengatik
Maule, Biobio, Ñuble eta Araucania dira kalte gehien izan dituzten eskualdeak. 309.000 hektarea erre dira astebetean. Haizea eta bero handia espero dituzte datozen egunetarako.

Egoera larria da Txile hegoaldean. Suteengatik alerta gorrian daude gutxienez lau eskualde: Maule, Biobio, Ñuble eta Araucania. Astebetean, 309.000 hektarea erre dira, 24 pertsona hil, eta 2.180 zauritu. 1.180 etxe erre dira, eta 5.560 pertsona geratu dira kalean. Bart gauean gobernuak iragarri du etxeratze agindua ezarriko duela Biobion, Ñublen eta Araucanian, «herritarren segurtasuna bermatzeko. Datozen orduetan zehaztuko dituzte neurriaren nondik norakoak, eskualdeetako agintariekin hitz egin ostean.
Txilek 5.600 brigadista eta suhiltzaile boluntario mobilizatu ditu suteen aurka egiteko, baina nazioarteko laguntza ere jaso du; Mexikoko, Kolonbiako eta Espainiako gobernuena, besteak beste. Orotara 311 sute daude piztuta, eta datozen orduetarako 30 kilometro orduko haize boladak eta bero handia espero dituzte, 37 gradutik gora. «Orain arteko egunik zailenak izango dira. Hainbat eskualdetan alertan daude bero handiagatik, eta jada ahalegin handia egiten ari gara suteak kontrolpean hartu ahal izateko», esan zuen atzo Txileko Barne ministro Carolina Tohak.
Gobernuak jakinarazi duenez, gutxienez hamazazpi pertsona atxilotu dituzte suteekin zerikusia izateagatik. Iturri ofizialen arabera, ia kasu guztietan nahita piztu dira, edo utzikeriaren ondorioz.
Ura lortzeko arazoak
Beroa ez ezik, suak itzaltzeko ura lortzea ere arazo bilakatu da azken orduetan. Espainiatik laguntzera joandako hegazkin pilotu batek salatu zuen atzo ez ziotela utzi igerileku bateko ura hartzen suak itzaltzeko. Ondorioz, Gabriel Boric presidenteak ohartarazi du indarrez hartuko dutela ura «beharrezkoa bada». Biobio eskualdera egindako laugarren bisitan, estatuburuak «errespetua» eskatu zuen lanean ari diren boluntarioentzat.
Boricek iragarri duenez, Brasilek ere laguntza bidaliko du datozen orduetan, eta AEBekin eta Portugalekin ere elkarrizketak hasiak dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.