Albistea entzun

ANIMALIEN ESKUBIDEAK

Animalien aurkako tratu txarrak gogorrago zigortzea onetsi du Espainiako Kongresuak

Animaliak babesteko legea onartu du Espainiako Kongresuak, besteak beste PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduren babesarekin. EAJk kontra bozkatu du, eskumenak urratzen dituela iritzita. Espainiako Senatuan jarraituko du tramitazioak.

Txakurrak jolasean Donostiako parke batean.
Txakurrak jolasean Donostiako parke batean. Maialen Andres / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2023ko otsailak 9

Espainiako Kongresuak animaliak babesteko lege proiektua onartu du, besteak beste PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduren babesarekin. Zehazki, legegaiak aldeko 174 boto jaso ditu, eta kontrako 167. Gainera, horrekin batera eta animaliei egindako tratu txarrak gogorrago zigortzeko, Zigor Kodea erreformatzearen alde egin du Kongresuak, aldeko 178 botorekin. Orain senatuan jarraituko dute eztabaidarekin.

Ehiza txakurren babesa izan da lege proiektuaren tramitazioan azaleratutako gatazketako bat. Izan ere, PSOEk, PPk eta Voxek adostutako zuzenketa batek legearen babesetik kanpo uzten ditu ehiza txakurrak. Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak azaldu du ahal izan duten bezain urrun iritsi direla eta animalia guztien babesaren alde lan egiten jarraituko dutela. Juantxo Lopez Uralde Podemoseko diputatuak ere nabarmendu du animaliak babesteko eta horien eskubideak aitortzeko lege «oso garrantzitsua» dela.

Besteak beste, EH Bilduren babesarekin egin du aurrera legeak. «Animaliak babestea eta tratu duin bat bermatzea behar bat da», esan du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak. Aitortu du pausoa «motz» geratu dela, baina erantsi legeak aurrerapauso bat emango duela animalien babesean.

Eskumen talka

Espainiako Kongresuaren onarpenak, ordea, zalantza bat zabaldu du: nola eragingo duen Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak arlo horretan aurrez onartutako legeetan, eta, beraz, zeinek duen arlo horri dagokion eskumena. Eusko Legebiltzarrak iazko uztailean onartu zuen etxeko animaliak babesteko legea, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren botoekin, eta Elkarrekin Podemos-IUren eta Voxen abstentzioekin. Horren arabera, 100.000 eurorainoko isunak jar daitezke animaliei tratu txarrak emateagatik. Nafarroako Parlamentuak 2019an onartu zuen arlo horretako arau bat.

Beraz, zein arau nagusituko da: Eusko Legebiltzarrekoa eta Nafarroako Parlamentukoa, edo Espainiako Gorteetakoa? Kongresuko eztabaidan, Joseba Agirretxea EAJko diputatuak salatu du Espainiako legeak euskal instituzioek emandako arauak urratuko dituela eta Espainiako Gobernua ez dela gai izan azaltzeko zein eskumen tituluren arabera arautu duen animalien babesa.

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak Efe berri agentziari azaldu dioenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egongo den legea Eusko Legebiltzarrekoa da, baina Espainiako legearen tramitazioa amaitu arte itxaron beharko da ikusteko legearen zein esparru diren bete beharrekoak. Hala ere, Jaurlaritzak nabarmendu du euskal legeak ehiza txakurrak babesten dituela, salbuespen batzuekin.

Podemosek, ordea, ez du talkarik antzematen bi legeen artean. Alderdiko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, Espainiako legeak gutxieneko batzuk ezarriko ditu, bete beharrekoak, baina, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako arauek babes handiagoa ematen duten ataletan, horiek nagusituko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurka, sanferminak hasi aurreko manifestazioa, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bortxaren harea mugikorretan

Jone Arruabarrena

Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

J. Arruabarrena

Mendekotasun emozionala sortzea da indarkeriazko harremanen ezaugarrietako bat. Norma Vazquezek azpimarratu duenez, garrantzitsua da hori kontuan hartu eta emakumea errudun ez bihurtzea.
 ©GORKA RUBIO / FOKU
Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Tourrarekin lotutako plana azaltzen. ©IREKIA

Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Iosu Alberdi

Uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du Segurtasun sailburuak: 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.