Musika

Burt Bacharach hil da, XX. mendeko pop konpositore laudatuenetakoa

1960ko eta 1970eko hamarkadetako kantu oso ezagunak egin zituen; besteak beste, Raindrops Keep Falling on My Head eta I Say a Little Prayer

Burt Bacharach, 2009an, kontzertu batean. ROBERT VOS / EFE
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 9a
20:39
Entzun

Publiko orokorrarentzat haren izena oso ezaguna ez zen arren, Burt Bacharach konpositorearen kantuek XX. mendeko bigarren zatiko soinu banda osatzen lagundu zuten. Batik bat 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Hal David letragilearekin batera egindako kantuek izugarrizko oihartzuna izan zuten, eta, sari ugariz gain, salmenta handiak ere lortu zituzten. Ez hori bakarrik: hark idatzitako kantu asko eta asko herri musika anglosaxoiaren klasiko bihurtu baitira denborarekin: Raindrops Keep Falling on My Head, I Say a Litte Prayer, Baby, It's You, The Look of Love, Walk On By... Bacharach herenegun hil zen, Los Angeleseko bere etxean (AEB). 95 urte betetzear zen, eta ez zen denbora asko musika mundutik erretiratua zela.

Burt Bacharachek (AEB, 1928-2023) pop kantuak idazteko modu bat asmatu zuen 60ko hamarkadan. Melodia klasikoak sortzen zituen, baina jazzari eta bossa novari ere irekia zegoen, eta orkestra konponketen bitartez dotorezia berezia ematen zien kantuei, baita malenkoniaren eta alaitasunaren artean mugitzen zen ukitu berezi bat ere. Eta oso konpositore gutxik lortu dutena lortu zuen. Bere kantuak beste artista batzuek abesten eta interpretatzen bazituzten ere, guztiek zigilu bat zuten.

Sei Grammy sari eskuratu zituen, eta Oscarretan ere laudatu zuten haren lana. Esaterako, Robert Redford eta Paul Newman protagonista zituen Butch Cassidy and the Sundance Kid filmeko musikagatik bi sari irabazi zituen, soinu banda onenarena eta kantu onenarena (Raindrops Keep Falling on My Head).

Bacharachek 1957an lortu zuen bere lehenengo kantu arrakastatsua —Marty Robbinsek abestutako The Story of My Life—, baina hurrengo hamarkadan eta Davidekin lanean hasita aurkitu zuen bere bidea. Gainera, garai hartan Dionne Warwickekin egin zuen topo, eta kantaria bilakatu zen konpositorearen kantuentzako ahots ezinbestekoa. Amaiezina da urte haietan egin zituzten kantu bikainen zerrenda: Do You Know The Way to San Jose, Message to Michael, I'll Never Fall in Love Again, Walk on By, Alfie, Anyone Who Had a Heart... I Say A Little Prayer ezaguna ere abestu zuen Warwickek, nahiz eta gerora Aretha Franklinen bertsioa izan den ospe handia lortu duena.

Baina ez ziren Warwick eta Franklin Bacharach/David bikotearen kantuak interpretatu zituzten kantari bakarrak. Stan Getz jazz musikariak disko oso bat eskaini zion (What The World Needs Now: Stan Getz Plays The Burt Bacharach Songbook), baina beste askok jo zuten bikotearen kantutegira: The Shirelles, Sandy Shaw, The Carpenters, Dusty Springfield, Tom Jones... The Beatlesek ere grabatu zuen Baby It's You kantuaren bertsio bat.

Musikari laudatua eta miretsia izan zen, eta 1990eko hamarkadaren amaieran Elvis Costellorekin Painted From Memory diskoa argitaratu zuen (1998).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.